basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Curling-a 27
azaroa
2020

“Orain kirola eta Olinpiar Jokoetara iristea da gure ametsa”

Nahiz eta ezustekoz beteriko denboraldi hasierari eta covid-19ak eragindako efektuei aurre egin behar izan dieten, Mikel Unanuek eta Oihane Otaegik brontzea lortu dute hilabete honetan World Curling Tourreko Heracles Mixed Doubles Slovakia Cup txapelketan. Brontze honek bultzada eta motibazioa ematen die Unanueri eta Otaegiri euren helburu nagusia, Beijingeko 2022ko Jokoetarako sailkapena, lortzeko borrokarekin jarraitzeko. Basque Teamekin beka eskuratu dute aurten lehen aldiz eta Donostian igaro dituzten azken egunak aprobetxatu ditugu eurekin solasean aritzeko.

“Donostiko Izotz Jauregian gaude, Txuri-Urdinen. Hau izan zen gure abiapuntua, gure hasiera-puntua eta hortik aurrera gure mundua erabat aldatu da eta kirola oraintxe bertan da gure ametsik inportanteena Joko Olinpikoetara iristeko. Lehenengo urteak nahiko latzak izan ziren, nahiko gogorrak, garaipenak lortzea ez zen batere erreza eta Espainia mailan partidak zailagoak ziren. Pixkanaka-pixkanaka lortu genituen gure helburuak, gure emaitzak eta gauzak askoz hobeto joan ziren, hori izan zen 2011 urtetik gutxi gorabehera” dio Mikelek.

“Oso denboraldi bitxia izaten ari da. Gabonak arte zazpi World Curling Tourreko probetan parte hartu behar genuen eta oraingoz bitan parte hartu dugu, eta hirugarren bat egitekotan gaude eta zorte apur batekin laugarren at ere Gabonak baino lehen. Bratislavatik etorri berriak gara. Emaitza ona izan da baina nik uste dut jokatzeko maila hobea izan daitekeela” azaldu du Oihanek.

“Pozik nago baina badakit nire margena eta Oihanerena oso handia dela. Beriro domina ahaztu eta berriro lanean jarraitu behar dugu, hurrengora, Poloniara iristeko” adierazi du Unanuek.

“Agian bide honetatik jarraitzen badugu, egunen batean zerbait handia lortzeko gai izango gara. Aukera gehiago ikusten ditut zuzeneko sailkapen horretan, Munduko txapelketan lehen zazpien artean geratzea” dio Otaegik.

“Euskal Herrian ez dago curlingeko izotz jauregirik, horretarako izotz jauregi espezifikorik eta horregatik atzerrira edo Jacara joan behar gara. Jaca da gure zentrorik gertuena eta horrela ez dugu hainbeste bidaiatu behar. Gure helburua izango litzateke izotz oso prestatuetan jokatu eta batez ere entrenatzea” gehitu du Mikelek.

“Hasi ginenean guk ordaintzen genuen dena, gure oporrak eta oporretako dirua curlingera zihoan eta orain Basque Teameko laguntza jasotzen hasi gara eta egia esan eskertzekoa izan da horrek lasaitasun itzela eman digulako denboraldi honetan gertatzen ari diren ezustekoei aurre egiteko” bukatu du Oihanek.