basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 20
apirila
2020

Basque Team Fundazioak bere kirolari eta teknikariei eskainitako zerbitzuekin jarraitzen du konfinamenduan online saioen bidez

Lan-prestakuntzari, errendimenduari eta berdintasunari buruzko topaketak egingo dira datozen egunetan

COVID-19 koronabirusaren pandemiak sortutako egoera berrira egokituz, Basque Team Fundazioak hainbat alderdi landuko dituzten online topaketak eskainiko ditu datozen bi asteetan. Hala, Basque Team-ek bere bekadunei eta euskal federazioekin batera gauzatutako bikaintasun-proiektuak osatzen dituzten kirolari eta teknikariei zerbitzuak eskaintzen jarraitzen du.

Lan-arloarekin lotutako prestakuntzak Ikaslan Bizkaia elkarteak emango ditu. Elkarte hori Basque Teamekin elkarlanean ari da iaztik, eta kualifikazio handiko irakasleak ditu, bai eta lan-merkatuaren beharretara egokitutako irakaskuntza modernoa eta kalitatezkoa ere. Eskolak emango dira lanbide-profila identifikatzeko eta curriculum vitaea egiteko, enplegu-bilaketan baliabideen kudeaketa hobetzeko, lan-elkarrizketa bati aurre egiteko modua hobetzeko edo norberaren konturako ekintzailetzari eta enpleguari buruzko ezagutzak handitzeko. Jarduera hauek ‘Laneratzea’ proiektuaren barruan kokatzen dira. Honen bitartez, Basque Team Fundazioak kirolariei lagundu nahi die goi-mailako kirola utzi ondoren, lan-merkatuan sartzeko.

Topaketa digitalen bigarren blokea errendimenduari buruzko saioek osatuko dute. Alde batetik, gorputz-mailako errendimenduarekin lotutako topaketak egingo dira, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko teknikariek eskainita, eta gai hauetan sakonduz: nekea entrenamenduan, pultsometroaren erabilera, indar-lana, erresistentzia-entrenamendua eta hilekoaren zikloak emakumeen kasuan errendimenduan duen eragina. Bestalde, Maria Elena Quevedo pedagogia doktoreak adimenarekin lotutako gaiak landuko ditu, mindfulness kontzeptuan sakonduz: errendimendu altuan duen eragina, onurak, lesioen prebentzioan duen eragina, emozio funtzionalen kudeaketa eta entrenatzaileei zuzendutako mindfulnessa.

Online topaketen blokea biribilduko da, kirolean berdintasunarekin lotutako alderdiak landuta. Saio hau ‘Zure taldekoak gara’ zerbitzuaren arduradunek eskainiko dute. Zerbitzu hori Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Jarduera Fisikoko Sailak eta Basque Team Fundazioak jarri zuten abian, kirolean gertatzen diren sexu-abusu eta jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurrean arreta emateko. Zerbitzua aurkezteaz gain, dinamika labur baten bidez, EAEn berdintasuna bultzatzeko eta indarkeria matxista desagerrarazteko moduari buruz hausnartzera gonbidatuko dituzte parte-hartzaileak.