basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 26
martxoa
2020

Maialen Chourraut, Iñigo Asensiok zuzendutako ‘Beldurretan Arraunean’ dokumentaleko protagonista

Basque Team Fundazioaren babesa du lanak, eta piraguistak azken ziklo olinpikoari nola egin dion aurre erakusten du, Rioko Jokoetan urrea irabazi zuenetik Tokioko Jokoetarako txartel olinpikoa lortu arte

Getxo, 2020ko martxoaren 26an.- Basque Teamek bekatutako Maialen Chourraut piraguista Iñigo Asensiok zuzendutako eta Korima Filmsek Traolarekin eta EITBrekin ekoiztutako ‘Beldurretan Arraunean’ dokumentaleko protagonista da. Filmaren aurrestreinaldia martxoaren 27an egin behar zen, Donostiako Aquariumean, baina bertan behera utzi behar izan da, COVID 19 koronabirusaren hedapena dela eta. Horren ordez, Basque Team Fundazioak pertsona gutxi batzuk (kirolariak, babesleak eta erakundeetako kideak) gonbidatuko ditu bihar, martxoak 27, online dokumentalaz eta ondorengo solasaldiaz goza dezaten. ‘Beldurretan arraunean’ lanak 2016an txapeldun olinpikoa izan zen eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen Lasarteko piraguistaren alderik ezezagunena ekarriko digu. Maialen, duela lau urte, banakako kirol batean metal preziatuena lortzen lehen euskal kirolaria izan zen.

Hala ere, Rio de Janeiron domina irabazi zutenetik Tokion lehiatzeko olinpiar pasea berriro lortu arte ondorengo prozesu guztia ez da batere erraza izan. Bidenabar, arazo fisikoei aurre egin behar izan die Maialenek, baita barneko beldurrei ere, eta horietan sakontzen du berak dokumentalean. Horietako batzuk umetatik etorri zaizkion beldurrak dira, eta beste batzuk, bizitzaren gorabeherengatik sortu zaizkionak, beste alderdi batzuk, amatasuna adibidez, maila goreneko piraguismoarekin uztartu behar izateagatik. “Dokumentalean ikusiko duzuen Maialen hori ni naiz. Uste dut oso ondo islatuta dagoela. Kanpotik ez dakit ze Maialen Chourraut ezagutuko den baina hau da barruko, eguneroko Maialen Chourraut” adierazi du txapeldun olinpikoak.

63 minutuko dokumental honetan, Iñigo Asensio zuzendariak modu intimistan jasotzen ditu Maialenek berak egindako adierazpenak, batez ere Brasilen lorpen handiaren ondoren etorri den guztiari buruz. Maialen hurbil eta oso zintzo ageri da, ikusleari bere etxeko ateak zabalduz. Piraguistarenekin batera, bere inguru hurbileneko beste testigantza interesgarri batzuk jasotzen dira, hala nola, bere senar eta entrenatzaile Xabier Etxanizenak, bere amarenak eta haurtzarotik lagun izan dituen beste piraguista batzuenak. Maialeni buruz diziplinako beste izarrek ere hitz egin dute, Londres 2012an zilarra eta Rio 2016an brontzea irabazi zituen Jessica Fox australiarrak, adibidez.

Dokumentala osatzen duten adierazpen horiek eta beste asko jasotzeko, grabazio taldea Rio de Janeiro, Australia, Pau eta La Seu d ‘Urgellera joan da, besteak beste. “Dokumental honek Maialenen beste aurpegi bat erakusten du; irabazle, sendo, ziur, indartsu eta zalantzarik gabeko horren beste aurpegi bat” dio Asensiok.

Basque Teameko koordinatzailea den Olatz Legarzak ez du aukera galdu nahi izan fundazioak proiektua hasieratik babesteko erabakia zergatik hartu zuen azaltzeko: “Maialen, Basque Team markak isladatu nahi dituen baloreen erreferente argi bat da. Alde batetik, bere kirol emaitzak hor daude, kirolari olinpiko batek lortu dezakeen garaipenik desiatuena, berak lortu du. Kirola bere bizitza da, eta bere amets pertsonalak ere kontestu horretan lortu ditu bidean izan dituen aldagai guztiak bateragarri eginez”.