“Ez dira baldintzak Joko Olinpikoak prestatzeko, etxe batean sartuta ezin delako entrenatu”
COVID-19 koronabirusak goi mailako kirolean eragindako egoerari buruz mintzatu da Basque Team Iñigo Peña piraguistarekin. K2-1.000 metroko ontziak badu jada txartela Tokioko ur lasaietako proban lehiatzeko.
“Aurreko ostegunean Blume errendimendu altuko zentroa itxi zuten eta larunbatean publikatu zuten dekretuarekin debekatuta dago kirola egitea kalean. Ordutik etxean sartuta gaude, beste biztanle guztiak bezala, gure forma fisikoa ahalik eta hobetoen mantentzen, nire kasuan ergometro batekin etxean eta pesa txiki batzuekin mantenimendu pixkat egiten. Ez dira baldintzak Joko Olinpikoak prestatzeko, etxe batean sartuta ezin delako entrenatu”.
“Zain gaude ea CSDk, Batzorde Olinpikoak edo gobernuak baimen batzuk emititzen dituen goi mailako kirolarientzat, talde olinpikoarentzat eta Tokio prestatzen ari garen kirolariontzat kalera irten, gure kabuz, bakarrik eta distantzia guztiak mantentzen kirola egiteko eta entrenamenduak aurrera ateratzeko. Badakigu beste herrialde batzuetan, adibidez Italian, Frantzian, Portugalen eta Belgikan Tokio prestatzen ari diren kirolariak beraien entrenamenduak aurrera ateratzeko gai direla gobernuak baimen berezi batzuk eman dizkielako, segurtasun neurri garrantzitsuekin eta mediku batzuek dena kontrolatuta. Gu horren zain gaude. Gu ere Tokio prestatzen ari gara eta etxean sartuta gaude. Frantziak eta Belgikan gobernuak herritar guztiei egunero 30 minutu korrika egiten uzten die eta hemen ezer ez, ezin gara irten”.
“Guk apirilaren 16-17an hautaketa probak genituen. Aurreko urtean Munduko txapelketan bigarren izan ginen eta plaza olinpikoa lortu genuen baina ez zen guretzat, ez zen nominala eta nominala izatera pasatzeko federazioak antolatutako hautaketa proba batzuk gainditu behar genituen eta irabazi, eta momentuz apirila eta maiatzeko txapelketa guztiak bertan behera geratu dira. Maiatza hasieran Munduko Kopa bat zegoen eta bertan behera gelditu da. Zai gaude, ea ze bilakaera duen koronabirusak, buelta ematen joaten garen eta ordura arte ez dakigu noiz izango diren data berriak, behin betiko bertan behera geratuko diren, beste data batzuk jarriko dituzten… ez dakigu ezer”.
“Dakigun bakarra da momentuz Olinpiar Jokoak mantendu egingo direla eta egin egingo direla. Hori adierazi dute, bai Japoniako antolakuntzak, bai Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta ondorioz, gu lau hilabetetara gaude eta entrenatzen jarraitu behar dugu baina ezin dugu. Etxean sartuta ezin ditugu entrenamenduak egin eta gure aurkariekiko desabantaila itzela dugu. Beraien herrialdetan, gure inguruko herrialdetan ere birusaren inzidentzia oso altua da baina kirolari olinpikoek entrenatzeko aukera dute, oso baldintza berezietan baina enrenatzeko aukera dute. Ea egun hauetan guri ere baimen hori ematen diguten, ea gobernuak ulertzen duen guk ere beharra dugula eta gure lana dela eta aurrera joaten diren baimen horiek”.