Aritz Aranburuk bigarren aukerako bosgarren errondan esan dio agur Miyazakiko Munduko txapelketari
Itsasoko baldintzak hobetu dira gaur Miyazakiko surfeko Munduko txapelketako hirugarren erronda jokatzeko. Hala ere, albiste ona izango zena okertu egin da Aritz Aranbururentzat, zarauztarra txapelketa nagusian gaur izan duen lehen txandan kanpoan geratu delako.
Basque Teameko kirolaria hasieran sailkapeneko buru jarri den arren, gauzak aldatzen hasi dira erdialdera eta nahitxo zaildu dira bukaeran.
Hirugarren errondan Aritzek Jay Quinn britainarrarekin eta Jair Perez eta Carlos Muñoz costarricarrekin neurtu ditu indarrak. Printzipioz Aranbururentzat txanda eskuragarria izango zena ezinezko bihurtu da txandaren bukaera aldera. Minutu t´erdiren faltan Muñozek eta Perezek bi olatu on hartu dituzte eta Aritz bigarren postutik laugarrenera jausi da. Bere bi puntuazio onenak, 6.33 eta 3.33, ez dira nahikoa izan. Muñozen azken puntuazioa hobetuko zuen olatu bat behar zuen baina ez da bat bera ere heldu azken 30 segundoetan. Quinnek lehenengo postuan bukatu du (10.33), Carlos Muñozek bigarrenean (10.33), Jair Perezek hirugarrenean (10.01) eta Aritz Aranburuk laugarrenean (9.66).
Dena den, horrekin ez da dena erabakita geratu. Aritz ez da laugarren errondara pasatu, baina bigarren aukeraren sistematik jarraitu du lehian. Aldi berean txapelketa nagusiarekin jokatu duten atal honetan laugarren errondan sartu da, eta errepeskako lehen txanda hori inongo arazo barik gainditu du. Bigarren aukerako laugarren errondak bere surfik onena ateratzea ahalbidetu dio eta Hiroto Ohhara japoniarra, Tal Asayag israeldarra eta Michel Bourez frantziarra gainditu ditu. Aritzek lehen postuan egin du aurrera 12.80ko puntuazioarekin (6.50ko olatu bat eta 6.30eko beste bat).
Bigarren aukerako bosgarren errondan, hala ere, ez du zorterik eduki. Olatuak ez dira behar bezain handiak izan eta Aritzen surfak ezin izan du distirarik egin. Aritzek olatu luzeagoak behar ditu bere maniobra aberatsenak egiteko. Berak onartu egin du ez duela behar bezalako erritmoa lortu eta txanda horretan aurkariak hobeak izan direla. Kehu Butler zeelandaberritarrak lehen postuan bukatu du 7.67ko bi olatu onekin eta atzetik I Ketut Agus Aditya indonesiarra (12.4) eta Aritz Aranburu (8.8) izan ditu.
Miyazakiko World Surfing Games hauetan bere parte-hartzea bukatu eta gero, Aritz Aranburuk ISAko (International Surfing Association) 2020ko txapelketan, apirila eta maiatza bitartean, txartel olinpikoa bilatzen jarraituko du. Oraindik txapelketaren lekua zehazteke dago.