abuztua
2019
Basque Teameko Virginia Diaz arraunlaria bosgarren izan da Ottensheim-Linzeko Munduko txapelketako finalean
Basque Teameko Virginia Diaz arraunlariak bosgarren postuan bukatu du, Aina Cid ontzikidearekin batera, W2- probako finala Ottensheim-Linzeko Munduko txapelketan.
Australia eta Zeelanda Berria estropadaren aurrealdean jarri dira hasieratik eta beste behin erakutsi dute gaur egun arraun olinpikoan menderatu beharreko Munduko potentzia handienak direla. Kiwiak lehengoak izan dira, australiarrak bigarrenak, kanadiarrak hirugarrenak, estaubatuarrak laugarrenak eta Diazek eta Cidek osatutako ontzia bosgarren izan da, Italiaren aurretik. Diazek eta Cidek europar ontzi onena osatu dute Munduko txapelketan.
Lucernan Europako txapelketa irabazi ondoren, Virginia Diaz Ottensheim-Linzeko Munduko txapelketara Tokio 2020rako plaza bat lortzeko asmoarekin etorri da eta lortu egin du. Jokoei begira modalitatea aldatu du eta orain Aina Cidekin batera egiten du arraun, lemazainik gabeko biko ontzian. Gogor lan egin behar izan dute egoera berrira moldatzeko baina maiatzeko Lucernako Europako txapelketan argi geratu zen lortu dutela, urrezko domina irabazi baitzuten, estropada bukaera ikusgarria eginda gainera.
Virginiak talentua eta diziplina bateratzen ditu lan egiterako orduan. Getxoko Raspas Arraun Taldean aritzen den arraunlari honek banku mugikorrean maila gorenera iristeko urte asko daramatza prestaketa-lanetan. Bere gaitasunei esker estatuko selekzioak deitu egin du 15 urte zituenetik. Are gehiago, beste esparru batzuetan, eroso sentitzen den eremutik kanpo, nazioarteko mailan arrakasta lortzea zer den badaki, Estatu Batuetan unibertsitateetako txapelduna izan baitzen.