“Denboraldian emaitza onak izateaz gain, asko hobetu dut eski-maila”
Juan del Campo Basque Teameko eskiatzailea lehen aldiz sailkatu da denboraldi honetan Munduko Kopako proba batean bigarren txanda jokatzeko, eta gainera emaitza hobeak lortu ditu Munduko txapelketan, 2017koarekin alderatuta. Emaitzekin oso pozik dago baina horrez gain, egindako lanarekin oso gustura, orain lehiakorragoa delako. Berarekin izan gara denboraldiaren balantzea egiteko.
“Iazko denboraldiaren bukaeratik lan handia egiten hasi ginen eta ia hilabete bat egin genuen Sierra Nevadan lan espezifikoa egiten. Aurtengo denboraldiaurrean, udan, inoiz baino eski-egun gehiago izan ditugu eta gero hori ikusi egin da denboraldian. Nik sentitu dut, denboraldian lortutako emaitzez gain, nire eskiatzeko mailak hobera egin duela. Jaitsieretako abiadura denboraldiaurrean hobetzen duzu, udan, eta lehiaketarik ez dagoenean egiten ditugun entrenamenduetan”.
“Schladmingeko Munduko Kopan bigarren txandara igarotzea lortu genuen, baina aspaldi ginen emaitza horren atzetik. Orain arte oso gertu egon gara, baina ez dugu erdietsi, eta urteetan bilatu dugun helburua orain lortzea pauso handia da, Espainia elur-kiroletarako herrialdea izan daitekeela erakusten du. Munduko Kopako top 30ean egotea oso zaila da eta urtetik urtera maila handitzen doa, bai Munduko Kopan lehiatzen direnen artean, bai lehia horretan sartzeko borrokatzen direnen artean. Gu hautagaiak izatetik Munduko Kopako Top 30 horretan egotera eta Munduko zirkuituan lehen 30en artean egotera pasa gara”.
“Fisikoki ez nago unerik onenean denboraldia oso luzea eta gogorra delako, kotxean sartzen ditugun kilometroengatik, egin behar ditugun bidaia guztiengatik. Egutegiak ez dira egokitzen eta Europako eta Munduko Kopak jokatzen ditugunez etengabe leku batetik bestera mugitzen gara, oso egun gutxitan. Askotan txapelketa bat jokatzen dugu, 600 kilometro egin, eta beste bi txapelketa egin behar ditugu. Horrek guztiak denboraldi bukaeran fisikoki jaistea egiten dizu; esfortzua handia da eta nekea pilatu egiten zaigu. Denboraldi bukaera zaila izan da niretzat. Bizkarrean lesio bat izan dut, ez da oso larria baina bi astez errehabilitazioa egin beharko dut. Dena den, hori gertatu arren, oso ondo amaitu dut, Munduko zerrendan iaz baino apur bat okerrago, baina egokiak iruditzen zaizkigun zifretan mugitzen ari gara. Sentitzen dut urtetik urtera hobetzen goazela eta batez ere aurten jaisteko abiaduran pauso oso garrantzitsua eman dugula, bai txapelketetan, bai entrenamenduetan, bai beste talde batzuekin egindako entrenamenduetan. Munduko onenekin entrenatu gara azken hilabetean, eta eurengandik oso gertu egon naiz batzuetan eta beste batzuetan aurretik”.
“Jokoen aurretik beste helburu batzuk bete behar ditugula uste dut. Batez ere tarteko helburu horrek neurtuko dutelako nola joango naizen Jokoetara. Lehiakide eta pistak berdinak dira bi kasuetan. Munduko Kopa bat edo bost Munduko Kopa irabaztea Joko batzuetan irabaztea bezalakoa da; meritua berdina da. Helburua hor dago. Denok markatzen dugun eta espero dugun data da, baina 2022ko Jokoen aurretik lan handia daukagula iruditzen zait”.