basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Patinajea 19
urtarrila
2018

Iñigo Vidondo protagonista, ‘BAT To Pyeongchang’ saioaren aste honetako atalean

Abiadurako izotz-patinajean aitzindari honen istorioa ikusgai izango da bihar 13:55etan ETB2n eta igandean ETB1eko ‘Oreka’ programaren barruan.

Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztutako BASQUE TEAM Fundazioaren ‘BAT To PyeongChang’ programan, ‘Izotzaren bila’ titulua duen aste honetako atalean, Iñigo Vidondok eginiko apustua azalduko da.

Estatu mailan 15 titulu, Europako txapelketetan bi domina eta Munduko Kopan beste domina bat eskuratu eta gero, ohiko patinajea utzi eta izotz-patinajera aldatzeko erabakia nola hartu zuen kontatuko du Vidondok. Modalitate honetan estatuan ez dago ia aurrekaririk, horregaitik esan daiteke nolabait Vidondo aitzindaria dela kirol honetan. Izotz-patinajearen alde egindako apustu horrek Italiara, Alemanira eta Kanadara eraman du arabarra. Gaur egun Kanadan bizi eta prestatzen da diziplina honetan gorenera heltzeko. Calgary 1988ko Neguko Jokoen egoitza izan zen eta orain Iñigok han du etxea. Han asko hobetu, garapen handia izan eta errekor bat baino gehiago hautsi du.

Aurtengo PyeongChangeko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko Iñigok gutxieneko marka lortu behar zuen ezarrita zeuden Munduko Koparen batean, baina zoritxarrez ez du lortu azken lau urteetan lan ikaragarria egin duen arren. Emaitzaz haratago, eta Neguko Jokoetan izateko pasea erdietsi ez duela alboratuta, erreportajeak Vidondok egindako bizitza-apustua erakutsi nahi du; alegia, Iñigok hartutako erabakiak dakartzan baloreak eta esfortzua erakutsi nahi ditu. Basque Teamek Calgaryra bidaiatu du goi mailako kirolari honen egunerokoa nolakoa den ikusleari gertutik azaltzeko.

‘BAT To PyeongChang’

2018ko Pyeongchangeko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien esfortzua norainokoa izan den argi eta garbi erakutsiko du urtarrileko lehen asteburutik otsaileko bigarren asteburura Euskal Telebistak eskainiko duen erreportaje bildumak. ‘BAT To PyeongChang’ saioak ‘BAT To Rio’ saioaren lekukoa hartuko du horrela; udako hitzorduan parte hartu zuten euskal kirolari olinpikoak aurkezteko erabilitako formula berrartuz.
Erreportaje sorta honek ikusentzunezko istorio handien osagaiak ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko nahia erakutsiz. Programak pertsona berezi hauen profiletan jarriko du arreta ikuslearen inplikazioa bilatzeko asmoz, ikuslea borroka horretan kirolariaren bidelagun izan dadin.

‘BAT To PyeongChang’ astero emitituko da, larunbatetan 13:55etan ETB2n eta ‘Oreka’ programaren barruan igandero ETB1en. Saio bakoitzak 10 minutuko erreportajea izango du eta horrela, Jokoak hasteko hilabete falta denean, Hego Koreako hirian lehiatzeko sailkapena eskuratzeko borrokatu diren euskal kirolarien istorioa ezagutzeko aukera izango dute ikusleek.

Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztuta, Iñigo Asensiok zuzenduta eta Iñigo Erasok errealizatuta, programak irudi zoragarriak eskainiko ditu, ikusentzunezkoetan puntako teknologia erabili baitute. Asensiok eta Erasok eskarmentu handia dute telebistan, kirola eta bidaien inguruko gaiak maiz jorratu dituzte eta. Biak izan ziren ‘BAT to London’ eta ‘BAT To Rio’ saioen egileak.