basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Eskia 12
urtarrila
2018

Juan del Campo eskiatzailearen istorioa, aste honetan ‘BAT To PyeongChang’ saioan

Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztutako Basque Team Fundazioaren saioak Juan del Campo bizkaitarra aurkeztuko digu, ‘Merezi izan du’ titulua daraman atalean.

Izaera lasaia eduki arren, Juani inoiz ez zaio gustatu lerro zuzenari jarraitzea. Hiru urterekin, eskiatzen ikasi zuenean, abiadura ikaragarri gogoko zuela ikusi zuen. Eskiak adrenalina askatzeko aukera paregabea eskaintzen zionaz konturatu zen. 23 urte dituen arren eta oraindik gaztea den arren, hamarkada bat baino gehiago darama konpetitzen. Azken urteetan FIS kalifikazioa asko hobetu du, 2016an Europako Kopan bere emaitzarik onena lortu zuen Kronplatzeko paraleloan bederatzigarren bukatuta, eta 2017ko urtarrilean 33. postuan amaitu zuen Kitzbueheleko eslalona, hamarkadatan estatu mailan erdietsitako emaitzarik onena.

Beraz, eskiak estatu mailan urteetan igaro duen ilunaldian argi-izpia da Juan del Campo. Nazioarteko Eski Federazioaren estatistiken arabera, Luis Fernandez Ochoa izan zen Munduko Kopa batean estatu mailan puntuatzea lortu zuen azken eskiatzailea, 1986an.

Juanek aire freskoa eta ilusioa ekarri ditu. PyeongChangeko Jokoetan parte hartzea begiz jota duen gizon lasaia da bizkaitarra.

‘BAT To PyeongChang’

2018ko Pyeongchangeko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien esfortzua norainokoa izan den argi eta garbi erakutsiko du urtarrileko lehen asteburutik otsaileko bigarren asteburura Euskal Telebistak eskainiko duen erreportaje bildumak. ‘BAT To PyeongChang’ saioak ‘BAT To Rio’ saioaren lekukoa hartuko du horrela; udako hitzorduan parte hartu zuten euskal kirolari olinpikoak aurkezteko erabilitako formula berrartuz.

Erreportaje sorta honek ikusentzunezko istorio handien osagaiak ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko nahia erakutsiz. Programak pertsona berezi hauen profiletan jarriko du arreta ikuslearen inplikazioa bilatzeko asmoz, ikuslea borroka horretan kirolariaren bidelagun izan dadin.

‘BAT To PyeongChang’ astero emitituko da, larunbatetan 13:45etan ETB2n eta ‘Oreka’ programaren barruan igandero ETB1en. Saio bakoitzak 10 minutuko erreportajea izango du eta horrela, Jokoak hasteko hilabete falta denean, Hego Koreako hirian lehiatzeko sailkapena eskuratzeko borrokatu diren euskal kirolarien istorioa ezagutzeko aukera izango dute ikusleek.

Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztuta, Iñigo Asensiok zuzenduta eta Iñigo Erasok errealizatuta, programak irudi zoragarriak eskainiko ditu, ikusentzunezkoetan puntako teknologia erabili baitute. Asensiok eta Erasok eskarmentu handia dute telebistan, kirola eta bidaien inguruko gaiak maiz jorratu dituzte eta. Biak izan ziren “BAT to London” eta “BAT To Rio” saioen egileak.