
Carlos Tobalinak pista estaliko Espainiako Txapelketa irabazi, eta Riorako txartela lortu du
Tobalinak 20,50 metroko marka egin du Madrilen jokatu duten pista estaliko Espainiako Txapelketan.
Marka horrekin pista estaliko Espainiako titulua erdietsi du pisu jaurtiketan, Borja Vivas bere aurkari zuzenari nagusituta. Emaitza horrek Rio de Janeiroko Jokoetan eta Portlandeko pista estaliko Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera emango dio gainera.
Tobalina Madrilgo Espainiako Txapelketara sasoiko heldu da, aurreko astean Jokoetan izateko gutxieneko marka lortzeko oso gutxi falta izan baitzitzaion. Berea zen, hain zuzen ere, orain arteko markarik onena; Borja Vivasena baino hobea.
Bien arteko lehia nabarmendu zen txapelketan, baina azkenean Carlosek lortu zuen atzo, bere laugarren jaurtiketan, Olinpiar Jokoetan izateko parade ematen dion 20,50 metroko minima hori.