abendua
2015
Aritz Aranburu: “lehiatzeko irrikitan nago”
Aritz Aranburuk, nazioarteko surfaren lehen mailatzat jotzen den ASP World Championship Tour (WCT) zirkuituan plaza bat lortu duten europar gutxietako batek, denboraldi ilusionagarria amaitu berri du, eta munduko rankingeko 38. postua lortu ondoren, kirol honen munduko elitera itzultzea espero du. Fadurako Kirol Teknifikazioko Zentrora egindako bisitaldian, zarauztarrak adierazpenak egin dizkio beka bidez laguntzen dion BASQUE TEAM fundazioari. “2015eko balantzea oso positiboa da, 2014a WCTra itzultzeko zorian amaitu ondoren. Zirkuitu alternatiboan lehiatu naiz, baina beste kirolari batzuen lesioak direla eta, kategoria goreneko zenbait txapelketatan parte hartzeko dei egin didate. Gainontzekoek baino proba gutxiago nituenez gero, ezin nintzen lehiatu, bistan da, baina garrantzitsua da hor egotea, beti da atsegina onenen artean lehiatzea, oso esperientzia ona izan da. Abuztuan Tahitin jokatutako Txapelketa izan zen unerik onenetako bat. Oso gustuko dudan lehiaketa da, indar handiko olatuak egoten direlako bertan. Txanda pare bat oso ondo egin nituen, munduko titulua jokatzen ari ziren kirolari batzuk kanpoan utziz. Uretan onenekin batera lehiatzea amets handia bada ere, horietako batzuk gainditzea sekulakoa da. Urtea munduko rankingeko 38. postuan amaitu dut. Ezin da askoz ere postu hobea lortu, zirkuitua osatzen duten proben erdiak jokatzeko aukerarik izan ez dudan heinean, baina lehen esan dudan moduan, noiz edo noiz, lesioengatik izandako bajak estaltzeko dei egin didate. Niretzat, rankingak ez zuen zentzu handirik aurten, eta ondorioz, nire ardura nagusia jardun ona egitea izan da parte hartu dudan txapelketa guztietan. Horren haritik, oso pozik nago. Abenduan Mundakan, euskal zirkuituko azken proban lehiatzeko aukera izatea aparteko bonusa izan da niretzat, etxekoekin eta lagunekin egoteko asmoz etorria bainintzen, eta hara non, ustekabean, Euskal Federazioaren gonbidapena jaso nuen, nire olaturik gustukoenean parte har nezan. Baldintzak ezin hobeak izan dira, eta izugarri disfrutatu dut. Mundakako olatua oso irudi indartsua da, eta horrexekin identifikatzen gaituzte mundu osoan euskal suflariok. Txikiak gara bai, baina oso iaioak maila goreneko kirolean, eta ohore handia da niretzat BASQUE TEAMeko kidea izatea, talde handi honek zer egin eta zer esan handia baitu kirol mota guztietan. 2016ra begira, beste bidaia-proiektu batzuekin eta ondo baino hobeto funtzionatzen ari den telebista-saioarekin jarraitzeko asmoz dut, baina bestetik, lehiatzeko irrikitan nago, eta azken orduko aldaketa gutxiago izango dituen egutegi finkoagoa izango dudala uste dut, eta hala baldin bada, ahalik eta ahaleginik handiena egingo dut surfaren lehen mailan egoteko.” Aritz Aranburu (Zarautz, 1985-08-30) Estatu espainiarreko lehen surflari eta Europako bosgarrena bihurtu zen 2007an WCTra iristean, eta ondorengo bi denboraldietan, olatuen kirolaren lehen mailan mantendu zen, munduko 45 surflari onenekin norgehiagokan. Aranburu profesionala da 2005 urteaz geroztik, eta 2007an Europako Txapelketa irabazi ondoren, 2008an aintzatespen ugari jaso zuen, Eusko Jaurlaritzak urteko kirolaririk onenari ematen dion Euskadi Saria barne. Han-hemenka lortu dituen garaipenen artean, Kelly Slater munduko txapeldunari hamar aldiz gailendu izana nabarmendu behar da.