basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 17
ekaina
2014

Paiju Peak, Jannu eta Cho Oyu igotzen saiatuko dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza

Astelehenean abiatuko den WOPeak proiektuan hartzen du parte Basque Team-ek

Mendia, jarduera alpinoa, izan ziren WOP Fundazioaren lehen urratsen abiapuntu, 2010ean. Eta mugarriz mugarri, beste erronka bati ekitekotan da orain fundazioa, WOPeak egitasmoarekin. Hasiera batean, pausoz pauso zortzi gailur igotzea zen erronka, langa aldiro mila metro igoz: hasteko, mila metroko mendia, gero bi mila metrokoa… harik eta zortzimilako tontor bat jo arte; bide horretan, ordea, bat egin dute orain goi-mailako hiru alpinista hauek, eta asmoak beste arnas bat hartu du.

Horrela jaio da WOPeak, goi-mailako alpinismo proiektua, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza eta WOP Fundazioak bultzatua. Egitasmoak hiru espedizio biltzen ditu bata bestearen atzetik, Paiju Peak, Jannu eta Cho Oyu mendietara, Karakorum eta Himalayako mendiguneetan, bide berriak edo inoiz gutxitan errepikatuak eskalatzeko.

Kirol-bikaintasuna eta mendiari loturiko balioak uztartzea da egitasmoaren helburua eta filosofia, baita Basque Team, BBK, EDP, Turkish Airlines eta Surne babesleena ere. “Zailtasuneko alpinismoa altueran, hori da gehien maite duguna, eta hori da, hain zuzen, WOPEAK egitasmoaren bultzada eta sorburua. Egiaz aparte dauden lekuetara joatea, erabateko bakardadean eta autonomian; gorputz-arima gure onena ematera behartuko gaituzten une ahaztezinak bizi ahal izatea, hori da gure pasioa”, azaldu dute mendizaleek.

Urratsez urraz, goreneraino

WOP Fundazioak 2010ean martxan jarritako ekimenaren jarraipena da WOPeak. Zortzi gailur igotzea zen hasiera hartako asmoa, Gorbeian hasi eta aldiro langa mila metro igoz, zortzimilako batean bukatzea. Euskal Herriko lehen mendi haren gailurra (1.481 m) mendizale talde zabal baten elkargune izan zen 2010eko uztailean. Gerora etorri dira beste hauek, urratsez urrats: Hiru Erregeen Mahaia (2.428 m), Euskal Herriko Pirinioetan; Taillón (3.144 m), Huescako Pirinioetan; Txileko Copacollo sumendia (4.835 m); Nido de Cóndores (5.570 m) eta Aconcagua (6.960 m), biak Argentinako Andeetan.

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak jarraipena eman nahi diote orain goranzko bide horri, eta hiru urrats hauek osatu nahi dituzte: Paiju Peak (6.610 m), Jannu (7.710 m) eta Cho Oyu (8.201 m). Hiru eskaladak bat datoz hiru alpinistek beren orain arteko espedizio guztietan zintzo jarraitu duten filosofiarekin: bide berriak edo inoiz gutxitan urratuak, zailtasun teknikoa eta erabateko autonomia. WOP Fundazioaren oinarrizko mezuekin ezin hobeki lotzen diren ezaugarriak, aipatutako guztiak. “Mendizaletasunaren balioak oinarri harturik, gure jardueraren berri emateko eta zabaltzeko hurrengo pausoa da WOPeak. Alpinismoak eta sokakide hauek ondo gorpuzten dute WOP mezua. Nahiz eta gailurra jotzea ezinaren hurrengoa iruditu, urratsak ematen jarraituko dugu atsedenik gabe; aurrera egiteko, lanean gogor jarraitzeko eta talde-lanean jarduteko asmo sendoa dugu, gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako gure borrokan”, azaldu du Mikel Renteriak, WOP Fundazioaren sortzaileak.

Lehen helburua: Paiju Peak
Hiru mendizaleak datorren astelehenean, ekainak 23, abiatuko dira Barajasko aireportutik, iaz saiatutako helburua lortzen saiatzeko: Paiju Peak mendiaren (6.610 m) hego aurpegia, Karakorum mendigunean (Baltistan, Pakistan iparraldea) harro goratzen den gailur tentea.

Mendi mitiko honen pilare zailenetik saiatuko dira hiru alpinistak, iaz bertan behera utzi behar izan zuten bidea burutzen. Orduko hartan, eguraldi-baldintza makurrek eta 1.600 metroko hormaren zailtasun muturrekoek galarazi zieten gailurrera iristea (harkaitza eta terreno mistoa nahasten ditu Paiju Peaken hegoak); oraingoan, berriz, lehen saio haren eskarmentuarekin, arantza ateratzen ahaleginduko dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza.

Paiju Peakekoa ez da beste hainbat menditako bide normal eta maiztu horietakoa: mendi horien bide arruntetan, eskalatu gutxi eta oinez ibiltzen dira asko mendizaleak; Paiju Peaken, aldiz, hormaren azpialdera iristeko baina ez dira oinez ibiliko. Ondoren, gogor eskalatu beharko dute harkaitz bertikalean, 5.000 metrotik gora beti. Bide horretatik gailurra jotzeko, alpinistek aurreikusi dute gutxienez 10 egun egin beharko dituztela horman zintzilik.

Taldea osatu zutenetik lehen aldiz, hiru euskal alpinistek kamerari bat izango dute bidelagun eskalada filmatzeko. Durangoko Bideografik Ekoizpenak produkzio-etxearekin lortutako akordioaren eskutik etorri da elkarlan hori. David Maeztu, argazki-zuzendaria eta kamera-operadorea, arduratuko da filmazioaz; hauxe izango da gailurrerako saioan hiru alpinistek elkarrekin egindako jarduna filmatuko den lehen aldia.

Paiju Peakekoaren ondoren, hauek izango dira hurrengo bi helburuak: Jannuren (7.710 m) hego aurpegia, 2015eko udaberrian, eta Cho Oyu (8.201 m), urte bereko udazkenean. Jannuren kasuan, estetika ikusgarria, kokapen urrun eta bakartua eta altuera, horiek dira mendiaren erakargarri nagusiak. Nepalen ipar-ekialdeko muturrean dago Jannu, Kanchenjunga mendigunetik hurbil. Cho Oyu, berriz, aski ezaguna da mendi giroan: munduko seigarren gailur garaiena da, eta Nepal eta Tibet arteko mugan dago.

Hain mendi altuetan bide teknikoak estilo alpinoan eskalatzea konpromiso eta gogortasun handiko ahalegina da, baina hori da, hain zuzen, Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren erronka nagusia WOPEAK egitasmo honetan. Himalaya eta Karakorumeko hiru mendi eta horma zein baino zein ederrago eta zailago eta hiru alpinista parez pare; hiru bide berri edo inoiz gutxitan errepikatu, duten zailtasunagatik aukeratuak, eta eremu bertikal ezezagunak esploratzeko eta sortzen diren zailtasun guztiak gainditzeko borondatea eta grina.