basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 09
urria
2013

Hawaiko Ironmana irabazteko faboritoetariko bat izango da Eneko Llanos datorren larunbatean

Inoizko denboraldirik onena ari da burutzen gasteiztarra distantzia luzeko triatloian

2013ko urriaren 9a. Aurtengo Ironman triatloiko Europako txapelduna den Eneko LLanos gasteiztarra izango da Hawaiko Ironmaneko faborito nagusietako bat, Munduko Txapelketatzat jotzen den probarako alegia. Urtero bezala Kona hirian jokatuko da egutegiko probarik entsutetsuena, guztira 3,8 kilometroko igeriketa saioa itsasoan, 180 kilometroko bizikleta saioa labazko basamortuan barrena eta bukatzeko 42 kilometroko maratoia.

36 urterekin Ironmanean dabilenetik inoizko denboraldirik borobilena burututa azalduko da gasteiztarra Munduko Txapelketara. Abu Dhabiko triatloian lortutako bigarren postuarekin ekin zion ibilbideari eta ondoren sona handiko bi garaipen erdietsi ditu: Melbourne eta Frankfurteko Ironmanak, Europako txapelketa lortuz Alemaniako garaipenarekin.

2008an lortutako bigarren postua izan da Konan eskuratu duen emaitzarik aipagarriena eta azken bi edizioetan proba utzi behar izan du arazo fisikoak tarteko. Bera da, zalantzarik gabe, palmaresik borobilena duen euskal triatloilaria.
Hawairako sailkapena goiz lortu du aurten Enekok denboraldian zehar erdietsitako postu bikainei esker eta horrek orain arte Hawaira begira egin duen prestakuntza aldatzeko aukera eman dio. Azken hilabetea Boulderren eman du (Coloradon, AEBtan) bere entrenatzaile berria den Dave Scottekin. BasqueTeam-eko triatletak beraz sasoi puntu egokian egingo dio aurre denboraldiko helburu nagusiari, Hawaiko Ironmanari.

Konatik hitz egin du Enekok Basque Team fundazioarentzat, bertan emango baititu proba aurreko 10 egunak hawaiko muturreko berora eta hezetasunera behar bezala egokitzeko.

Bost aste eman ditut Boulderren, altueran, inolako ezbeharrik gabe eta sentsazio onekin. Orain Konan gaude prestakuntzaren azken txanpan, bolumen eta intentsitate gutxiagoko lan saioak burutuz. Egun hauetan ez du aparteko berorik egin baina tenperatura ez da 30 gradutik jeitsi eta hezetasuna ehuneko 80 eta 90 bitartekoa da.

Lehen aldia da altueran entrenatzen dudana Hawaira joan aurretik, beste proba batzutarako egin dudan arren. Horrek dakarren onuraz gain bertan bizi den entrenatzaileak bertatik bertara jarraipena egitea ahalbidetu du.

Entrenamenduen sentsazioekin oso gustora nago baina ikusteko dago esfortzuak eguneko saioan eragina duen. Ez dut erreparatu nahi iragarpen edo kinielatan, guztia eman nahi dut eta gustora geratu egun horretan eman dezakedan errendimenduarekin. Konan ez du ezertarako balio urte osoan egindakoak, edozer gauza gerta daiteke eta bertan. Maila oso altua da, faborito ugari daude eta ez direnak ere lehen postuetan egon daitezke

Eneko Llanos (Gasteiz 1976/11/30) Igeriketan eta duatloian hasi zen eta 16 urterekin jauzia eman zuen triatloira, club SVC Seguridad talde gasteiztarrarekin. 2 aldiz hartu du parte Olinpiar Jokoetan (23. izan zen Sidney 2000an eta Atenas 2004an berriz 20. amaitu zuen). Hortik aurrera distantzia luzeetan aritu izan da eta emaitza bikainak lortuta gainera. 2003an Munduko Txapeldun izan zen Ibizan, Hawaiko Ironmanean 5. sailkatu zen bere lehen parte hartzean (2006an), eta bi urte geroago podiumera igo zen bertan bigarren postuan helmugaratuz (guztira zazpi ediziotan hartu du parte). Lanzaroteko Ironmana bi aldiz irabazi du (2007 eta 2010ean), Texasekoa eta Arizonakoa era irabazi ditu (2011an), Mauiko XTerra txapelketako bi edizio ere eskuratu ditu (2003 eta 2009), Abu Dhabiko nazioarteko proba (2010ean) eta Gasteizen jokatutako distantzia luzeko Europako txapelketa eskuratu zuen 2010ean