basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 04
ekaina
2012

Oiana Blanco eta K.Uematsuren ustetan judoka japoniarrak dira arerio nagusienak Londresen

Sugoi Uriarte arabarrarekin batera euskal ordezkaritza osatuko dute judoan

2012/06/04.-Jatorri japoniarra duen kirol batek, judoak alegia, euskal kirolari olinpikoen ordezkaritza zabalenetarikoa eramango du Londreseko Excell Venue kiroldegiko tatamira, bertan lehiatuko baitira uztailaren 28tik 30era bitartean hiru euskal judoka. Oiana Blanco gipuzkoarra, Kiyoshi Uematu bizkaitarra eta Sugoi Uriarte arabarra dira sailkapena lortu dutenak azken urteetan jokatutako txapelketetan.

Oiana Blanco eta Kiyoshi Uematsu hedabideen aurrean agertu dira gaur Jokoen atarian, babesle duten Basque Team Fundazioak Getxoko Hobekuntza Teknikorako Zentruan duen egoitzan. Bertan, Joko Olinpikoak hasteko bi hilabete baino gutxiago falta denean hitzordurako dituzten itxaropenak azaltzeko asmoz.

Kiyoshi Uematsu (Portugalete, 1978/07/10) Bere hirugarren Joko Olinpikoetan hartuko du parte, Sidney 2000n (bederatzigarren postuan amaitu zuen, diploma olinpikoaren atarian) eta Atenas 2004an (lehendabiziko borrokan kanporatua izan zen). 73 kiloz azpiko mailan lehiatuko da, guztira 22 judoka bilduko dituen proban. Goi mailako judoan ibilbide oparoa du Uematsuk, batez ere 2004tik 2008ra lortutako emaitza aipgarriei esker: Europako Txapelduna izan zen Belgradon 2004an, hirugarren 2005eko Munduko Txapelketan eta bigarren 2008ko Lisboako Europako Txapelketan. 2011n pilatu zituen Jokoetan egoteko puntuak nazioarteko txapelketetan (bigarren izan zen Dusseldorfeko Grand Prix-ean eta hirugarren Varsoviako World Cup-ean eta Abu Dhabi eta Almatyko Grand Prix-etan). 2012an berriz, eta lesio baten eraginez, apenas atera da tatami gaitera eta ez du emaitza aipagarrik lortu. Berriki Errusiako Chleliabinsk hirian jokatu den Europako Txapelketan bederatzigarren postuan a maitu du. Kiyoshik 22. postuan amaitu du sailkapen olinpikoa eta Londresen uztailaren 30ean jardungo da.

Prestakuntzaren azken txanparekin gustora azaldu da portugaletekoa, “lasai egin dugu lan ehuneko ehunean Londresera iristeko asmoz, bi urtez sailkapena lortzeko helburuarekin lan egin eta gero”. Pilatu duen esperientzia baliatu nahi du lehiaketan, “badakit zer den tatamira ateratzea Joko Olinpikoetan , jardunaldi bakarrean jokatzen duzu guztia eta urduritasuna kontrolatzea oso garrantzitsua da” adierazi du. Helburuaz hitz egiterakoan itxaropentsu azaldu da, “ beti izan da hori nire helburua, anbizioa izatea, dominaren bat lortzea eta hori ez da aldatu. Hala ere aurkari zailak daude, batez ere asiarrak, eta hauen gainean erreferentzia gutxi ditugu, beti dira areriorik zailenak”.

Oiana Blancok (Orio, 1983/05/13) 48 kiloz azpiko kategorian hartuko du parte, guztira 14 lehiakide izango dituen txapelketan. Bere estreinekoa izango du Joko Olinpikoetan, azken denboraldietan sekulako goranzko bilakaera izan eta gero. Bigarren izan zen Rotterdameko Europako Txapelketan 2009an, hirugarren Vienan 2010ean eta bostgarren Istanbulen 2011n. Azken bi urteetan nahikoa puntu pilatu ditu nazioarteko txapelketetan Londreserako sailkapena lortu ahal izateko: 2011n bi urrezko domina eskuratu zituen World Cup-etan (Madril eta Viena), bigarren izan zen Quingdaoko Grand Prix-ean; aurten berriz Varsoviako World Cup-ean gailendu da eta Almatyko Masters-ean (Azerbaian) bostgarren amaitu zuen. Egun sailkapen olinpikoko 11. Postuan ageri da. Bere lehiaketa Londresen (kanporaketak eta finalak) uztailaren 28an jokatuko da.

Oso adierazkorra ez dela aitortu duen arren Oiana “oso pozik azaldu da Joko Olinpikoetan parte hartzearekin, bizitza guztian helburu izan duzuna baita, baina era berean ezinegona sortzen duen egoera da eta nire lana da horrek nigan eragina ez izatea da tatamira igotzerakoan”. Bere kirol-ibilbidean izan dituen gora beheren inguruan ere mintzatu da “urte onak eta txarragoak dituzu, denok gogoratzen dituzte positiboak, eta okerrenak zuk jasaten dituzu. Hobetzeko baliatu behar dituzu, gogorragoa izateko eta indartsuagoa, funtsean, hobeagoa”. Londreseko hitzorduaren inguruan Oianak “edozer gauza gerta daiteke, baina gu dena jartzen ari gara eta orain sasoiko nagoela uste dut”. Arerioen inguruan Kiyoshirekin bat egin du japoniarrak aipatzerakoan: “Gaur egun pisu guztietan aise irabazten dute, batez ere emakumezkoetan, eta gainera ez dugu mamiz beraiekin topo egiten lehiaketetan. Egia esan Jokoen aurretik beti da positiboa onenengandik ikastea”