basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 24
urtarrila
2012

2011ko balantzea egin du BAT Basque Team-ek Londreseko 2012ko Jokoei ilusioz so eginez

Urrezko hiru domina eta brontzezko lau lortu zituzten kirolariek pasa den urtean

Bilbon, 2012ko urtarrilak 24.– Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta EITBren babespean goi-mailako euskal kirola sustatzen duen BAT Basque Team fundazioak 2011ko jarduerari buruzko balantzea egin du gaur goizean Bilboko Euskalduna Jauregian, erakundearen ordezkariak, babesleak eta BATen bekaz diharduten kirolarien ordezkaritza zabala bildu dituen ekitaldi batean. Bertan izan dira, besteak beste Efrén Vázquez pilotua, Eunate Aguirre munduko bodyboard txapelduna, Eneritz Iturriaga eta Unai Elorriaga txirrindulariak eta guztien izenean mintzatu diren Naiara Gómez eta Ekaitz Saies piraguistak.

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria eta Fundazioaren arduradun gorena den aldetik, Patxi Mutiloak gogoratu du, erakundea 2007ko irailean sortu zela, Beijingeko olinpiar jokoak hasi baino lehenago, eta oraingo helburua, Londreseko jokoak hasteko hilabete gutxi geratzen diren honetan, euskal kirolariek Txinan lortutako emaitzak berdintzea dela. Txinako hiriburuan, BATen bekaz jardun zuten 24 kirolariek 14 espezialitate desberdinetan parte hartu zuten. Horietako 16k diploma olinpikoa lortu zuten lehen zortzi sailkatuen artean geratzeagatik, hiruk banakako domina irabazi zuten, eta beste bik taldekako domina bateko kide bezala.

Mutiloak azpimarratu duenez, fundazioak laguntza osoa eskaintzen die kirolariei, eta ez da soilik mugatzen laguntza ekonomikora, baizik eta aholkularitza teknikoa eta medikoa ere ematen die. Dirulaguntza horiez baliatzen diren kirolarien jarduera, garaipenak eta han-hemenka jokatutako norgehiagoka garrantzitsuak ezagutarazteko ahalegina ere nabarmendu du.

Munduko txapelketetan izandako presentzia, tituluak eta dominak

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak oso balantze baikorra egin du euskal kirolariei zuzendutako laguntza-programaz, eta horren lekuko dira lehen mailako munduko lehiaketa nagusietan izandako partehartzea, kirol olinpiko eta ez-olinpikoan nahiz kirol egokituan, eta han-hemenka eskuratu dituzten titulu eta dominak. Era berean, Fundazioa “Basque Team Desafioa” programa sortzera bultzatu duten zenbait abentura-jardueraren bereizgarritasunak ere aipatu ditu. Programa honetaz baliatu dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza protagonista dituzten espedizioak eta uhin erraldoietan espezializatuta dagoen Axi Muniain surflaria.

Amaitzeko, Mutiloak, Kirol Zuzendaritzak BAT Basque Team proiektuari emandako sostengua berretsi du, eliteko euskal kirola bultzatzeko tresnatzat, “gaur egun pairatzen ari garen egoera ekonomiko latzaren gainetik”.

Hiru urre eta lau brontze

2011. urteko balantzeari dagokionez, lehenik eta behin, BAT Basque Team-i atxikitako kirolariek munduko txapelketetan lortutako garaipenak nabarmendu behar dira: Ekaitz Saies gizonezkoen K-1eko errelebo proban nagusitu zen, abuztuan Szeged-en (Hungaria) jokatu zen Ur Lasaietako Munduko Txapelketan lortutako tituluari esker; Juan José Aramburu tiratzaile olinpikoa skeet modalitatean gailendu zen irailean, Kovilovon (Serbia); eta Eunate Aguirre bodyboarderra podiumaren goiko aldera igo zen azaroan, Azoreetako uhartedian jokatu zen munduko txapelketaren azken proban.

Hiru garaipen hauekin batera, BATen bekaz diharduten kirolariek lau brontze lortu dituzte: Jon Garcíak taekwondon, Naiara Gómezek piraguismoan, Maialen Chourrautek kirol horretako slalom modalitatean, eta Aitor Orozak txirrindularitza egokituan. Fundazioaren arduradunek, Iker Martínez eta Xabi Fernández estropadazale gipuzkoarrek Barcelona World Race estropadan izandako bigarren postua eta Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren Transantartika espedizioak lortu berri duen arrakasta ere azpimarratu dituzte iazko lorpen nagusien artean.

Ignacio García erakundeko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, 2011n BAT Basque Team-en bekaz jardun duten kirolarien zerrenda goi-lehiaketako 42 kirolarik osatzen dute; hauen bi herenek 11 diziplina olinpikotan dihardute, eta beste lauk kirol egokituan. Gainerako bederatziak era askotako kirol espezialitateetan sartuta daude, gurpil gaineko irristaketa, triatloi ez-olinpikoa, eskalada, motoziklismoa, piragua gaineko maratoia, surfa, bodyboarda edota itsaspeko arrantza tarteko direla