basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 02
maiatza
2011

Groenlandian eta Antartidan zeharkaldiak egiteko asmoa azaldu dute Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak

BATeko hiru mendizaleek eskalada eta abentura uztartuko dute asmo handiko proiektuan

Bilbon, 2011ko maiatzak 2.- BAT Basque Team-en babespean diharduten Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza euskal mendizaleak azken ukituak ematen ari zaizkie Groenlandiara eta Antartikara eramango dituen proiektu berriari, NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 izenekoa. Oraingo honetan, abentura gaineratu diote eskaladaren kirol erronkari: muturreko tenperaturen azpian egingo dituzten izotz gaineko bi zeharkaldiek 6.000 kilometroko guztizko luzera izango dute, eta horretarako, 200 kilo inguruko lerak eramango dituzte arrastaka, haizearen laguntza bakarraz.

Kirol erronketan berrikuntza bultzatzearen aldeko konpromisoari jarraiki, oraingo honetan, desafio aparta eta arriskuz betea gainditu beharko dute hiru mendizaleek. Lehenik eta behin, Groenlandia Hegoaldetik Iparraldera zeharkatzen ahaleginduko dira, 2.000 metroko altitudea duen goi-lautada batean barna eta zero azpiko 30 graduko batez besteko tenperaturei aurre eginez. Eta azaroan, planetako kontinenterik latzena zeharkatuko dute arraste-kometen laguntzaz, Hego Polora iritsi, bertako mendirik garaiena igo eta altueran nahiz harkaitzetan zailtasun tekniko handiko eskalada desberdinak egiteko asmoz.

Proiektuaren berezko zailtasunen haritik, behar-beharrezkoa da aldez aurretik prestakuntza egokia egitea, eta horrexetan jardun dute azken aldi honetan Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak Norvegia aldean. Han, snowkite kirola praktikatzeko lekurik egokienetakotzat jotzen den Hardangervidda ordokian, bakoitzak izotz gainean irristatzeko erabiliko dituen 15na metro koadroko lau kometak erabiltzeko teknika hobetzen ahalegindu dira.

2.300 kilometro Groenlandian zehar

BAT Basque Team-en mendizale-taldeak bigarren faseari ekin behar dio orain, Antartikan azaroan aurkituko dituzten baldintza bertsuetan. Astelehenean, Groenlandia aldera abiatuko dira, eta 40 egunen buruan, 2.300 kilometroko zeharkaldia egiten ahaleginduko dira. Zirkulu Polar Artikoan, 2.000 metroko altitudean kokatutako goi-ordoki horretako baldintza klimatologiko ezin gogorrez gain, zero azpiko 30 gradu inguruko tenperaturak barne, espediziokideek bestelako arriskuak ere aurreikusi beharko dituzte, hala nola, uhartearen Iparraldean ager daitezkeen hartzen presentzia. Animalia horiei atxikitako arriskuari aurre egitearren, bertako legediak gutxienez errifle batez hornituta ibiltzera behartzen ditu. Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza egunero ehun bat kilometro egiten saiatuko dira, erdiko ordokira igotzeko eta handik jaisteko tarteetan aurkituko dituzten zailtasunei aurre eginez. Gogoan izana behar da, inguru horretako aldapetan arrakalak eta glaziareetatik askatutako izotz-bloke handiak ager daitezkeela.

Bigarren fasea azaroan hasiko da, uda australaren iritsierarekin batera, eta 70 egun inguru iraungo du aurreikuspenen arabera. Esan beharrik ere ez dago, espedizio honen ezaugarri nagusia ez dela izango igoeren zailtasuna, baizik eta igoera horiek egiteko gainditu beharko dituzten muturreko baldintza meteorologikoak. Behin-betiko ibilbidea oraindik zehaztu gabe dagoen arren, mendizaleak altuerako igoeraren bat egiten ahaleginduko dira, ez zortzimilako batek dakartzan zailtasun teknikoak gainditzeko, baizik eta zero azpiko 40 gradu inguruko tenperaturetan desafioa gainditzeko asmoz. Bestalde, ibilbidearen lehendabiziko etapetan, espediziokideek “Maud Erreginaren Lurraldea” deritzon eskualdea zeharkatuko dute, Antartikako harkaitz-formaziorik ikusgarrienetako batzuk tarteko direla. Zailtasun teknikoen gainetik, bertako gailurren bat igotzen ere ahaleginduko dira.

NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 da Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968), Juan Vallejok (Gasteiz, 1970) eta Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) 2009 urteaz geroztik eta BAT Basque Team-en babespean egingo duten elkarren arteko laugarren proiektua. Makaluren mendebaldeko harroina eta Everesteko Hornbein korridorea alpetar estiloan —soka finkorik gabe, altuerako kanpamentu egonkorrik gabe eta sherpa eta oxigeno artifizialaren laguntzarik gabe— igotzeko egin zituzten bi ekinaldiak bertan behera geratu ziren eguraldi kaskarraren eraginez, baina iaz, bide berri bat ireki zuten Broad Peak-en, bere hiru tontorrak alpetar estiloan lotuz. Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren artean, hogeita hamar zortzimilako inguru egin dituzte guztira, bost kontinenteetan osatutako baldintza klimatiko eta zailtasun tekniko desberdinetako hainbat igoerarekin batera.