
abendua
2010
Melbourneko Munduko Kopa eskuratu du Leire Olaberriak bi eguneko lan erregularra burutuz
BATeko txirrindulariak urrats garrantzitsua eman du Londres 2012ko Olinpiar Jokoei begira
Sasoi puntu bikainean dagoela erakutsi du beste behin Leire Olaberriak, oraingoan Munduko Kopako hastapeneko saioan. Melbournen (Australia) jokatu da lehendabiziko jardunaldia eta Leirek omnium-a irabazi du Tara Whiten kanadiarra eta Malgorzata Wojtira poloniarraren aurretik.
Lehen egunean lidertza eskuratu zuen Ikaztegietako txirrindulariak baina bigarrenean aurretik egindako lana borobildu du akats nabarmenik egin gabe. Jazparpenean espero baino gehiago sufritu du azken egunean baina ondoren, scratch-ean, urrats erabakiorra eman du hirugarren postuan sailkatuz eta aurkari zuzenei aurrea hartuz. Azken proba, 500 metroak, egoera ezinhobean korritu ditu Leirek, lau puntuko abantaila baitzeukan kanadiarrarekiko. Lasaitasuna eta lehen egunean pilatutako puntuak baliatuz ez du arazorik izan lidertza mantentzeko. Berriki europako txapelketa eskuratu eta gero Leire munduko onenen artean dagoela erakutsi du beste behin, Londres 2012ko hitzorduan egoteko urrats erabakiorra emanez.