basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 20
urria
2010

2010eko Euskadi Kirol sariak omenaldia egin dio Euskal Olinpismoari

Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentruan ospatu da ekitaldi hunkigarria

• Lehendabiziko aldiz, golardoa kirolari-kolektibo oso batentzat izango da, banakako edo taldekako meritu bat saritu beharrean
• EAEko 250 kirolari baino gehiagok bostehun partehartze inguru izan dituzte Olinpiar Jokoetan, eta horietatik 42k dominak lortu dituzte: 5 urrezko 5 domina, zilarrezko 7 eta brontzezko 6
• Jose de Amezolak lortu zuen lehenengo urrezko domina 1900 urtean, euskal pilotan, 14 futbolarik zilarrezkoa irabazi zuten Anberesen 1920an, eta handik aurrera, domina-lehortea gertatu zen, harik eta 1960an, hockey selekzioak lau brontzezko domina lortu zuen arte, lau euskal kirolari tarteko zirela
• Los Angelesen, 1984an, domina gehiago lortu ziren, Juanma Lopez Iturriaga saskibaloian eta Luis Maria Lasurtegi arraunketan zebiltzala
• Iker Martinez eta Xabi Fernandez, belan, eta Josu Olalla eta Iñaki Urdangarin, saskibaloian, ondoz ondoko bi Olinpiar Jokoetan domina errepikatu duten bakarrak izan dira
• Pedro Apellaniz, Londreseko 1948ko Jokoetan parte hartu zuen atleta, euskal kirolari olinpikorik beteranoena da, 86 urte dituela
• Luis Arconada, Jose Luis Korta, Martin Fiz, Maite Zuñiga, Almudena Cid, Joane Somarriba eta Txomin Perurena bezalako euskal kirolari ospetsuak Olinpiar Jokoetan lehiatu dira
• Lehendakaria, Kultura sailburua eta Kirolaren Estatu-idazkaria buru dituen gala berezia urriaren 20an egingo da Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan

Bilbon, 2010eko urriak 18.- Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak urterik urte ematen duen Euskadi Kirol Sariak omenaldia egingo die aurtengo edizioan Olinpiar Jokoetan lehiatu diren euskal kirolariei. Olinpismo modernoaren historian, Euskal Autonomia Erkidegoak banakako nahiz taldekako probetan parte hartu duten 250 kirolari baino gehiago eman ditu, eta horietatik 42k dominak irabazi dituzte: urrezko 5 domina, zilarrezko 7 eta brontzezko 6.

Golardo hau da, Eusko Jaurlaritzak kirolaren alorrean ematen duen saririk gorena, eta lehendabiziko aldiz, diziplina anitzeko kirolari-kolektibo oso baten zeregina aldarrikatuko du, banakako nahiz taldekako meritu bat saritu beharrean. Horretarako, sariaren formatua aldatu eta, kategoria desberdinak (kirolariak, entrenatzaileak, taldeak, babesleak, etab.) bereizten zituen aurreko ereduaren aldean, aurtengo edizioan taldekako aitorkuntza egingo da. Aldarrikapenak aintzakotzat hartuko ditu neguko eta udako Olinpiar Jokoetan eta 60ko hamarkadaz geroztik gaineratu zitzaien lehiaketa paralinpikoan parte hartu duten kirolariak.

Saria emateko ospakizuna urriaren 20an egin da Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan (Getxo), Patxi Lopez Lehendakaria, Blanca Urgell Kultura sailburua, Jaime Lissavetzky Kirolaren Estatu-idazkaria eta beste agintari batzuk tarteko izan direlarik. Garai guztietako euskal kirolari olinpikoen ordezkaritza zabala izan ere da, eta horien guztien izenean, lau kirolarik hartu dute kolektibo osoarentzako saria: Richard Oribek, Iker Fernandezek, Maider Telleriak eta Juan Carlos Migoyak.

Ehun urtetik gorako tradizioa

Euskal kirolariek olinpismo modernoan izandako partehartzeak ehunka urtetik gorako ibilbidea egina du. Ildo horretan, Espainiari ofizialki aitortu zitzaion lehenengo domina, 1900 urtean, Pariseko Jokoetan, Jose de Amezola arabarrak eta Villota madrildarrak euskal pilotan lortu zuten urrezko domina izan zen. 20 urteko itxaronaldiaren ondoren, 14 euskal jokalari zeuzkan taldeak futboleko zilarrezko domina lortu zuen Anberesen, Arabaolaza, Arrate, Artola, Eguiazabal, Gil, Gomez-Acedo, Izaguirre, Pagaza, Sesumaga, Vallana, Vazquez, Bilbao eta Rafael Moreno Pichichi eta Jose Maria Belausteguigoitia Belauste bezalako jokalari mitikoak tarteko zirela.

Hurrengo domina ez zen iritsi 1960 urtera arte, Espainiako hockey selekzioak brontzezko domina lortu baitzuen orduan Erroman. Talde hartan, lau euskal kirolari zeuden: Rafael Egusquiza, Juan Carlos Migoya, Pedro Murua eta Luis Maria Usoz. Geroztik, euskal kirolari olinpikoen domina-lehortea 1984 urtera arte luzatu zen. Urte horretan, Los Angelesen, bi euskal kirolarik gogotik jardun zuten beren taldeen garaipena segurtatzeko: Juanma Lopez Iturriagak zilarrezko domina irabazi zuen saskibaloi-selekzioan, eta Luis Mari Lasurtegik arraunketan, bi lemazainik gabe delako modalitatean, Fernando Climent sevillarrarekin batera.

1992tik hona, dominak hitzordu olinpiko guztietan

Ondoren, 1992tik aurrera, Euskadiko kirolariek dominak lortu dituzte Olinpiar Jokoen edizio guztietan:
– Bartzelona 1992: David Billabonak eta Mikel Lasak urrezko domina irabazi zuten futbol taldearekin, eta lau euskal kirolari (Silvia Manrique, Teresa Motos, Maider Telleria eta Nagore Gabellanes) zituen emakumezkoen belar gaineko hockey taldeak ere golardo berbera lortu zuen.
– Atlanta 1996: Estibaliz Martinezek, Lorena Gurendezek eta Tania Lamarcak taldekako urrezko domina lortu zuen gimnasia erritmikoan; Abraham Olano txirrindulariak zilarrezkoa irabazi zuen erlojuaren kontrako banakako norgehiagokan, eta Aitor Etxaburu, Josu Olalla eta Iñaki Urdangarin kide zituen eskubaloi-taldeak brontzezkoa.
– Sidney 2000: zilarrezko domina Unai Bergara kide duen futbol taldearentzat, eta brontzezkoa berriz eskubaloian Urdangarin eta Olallarentzat.
– Atenas 2004: Iker Martinez/Xabier Fernandez bikote gipuzkoarrak urrezko domina irabazi zuten belako 49er modalitatean, Maria Quintanalek zilarrezkoa tiraketan eta Asier Maeztuk brontzezkoa pistako txirrindularitzan.
– Pekin 2008: Iker Martinezek eta Xabier Fernandezek zilarrezko domina lortu zuten belan, Leire Olaberriak brontzezkoa pistako txirrindularitzan eta Iker Romerok eta Jon Belaustegik brontzezkoa eskubaloian.

Domina lortu duten euskal kirolari guztien artean, Iker Martinez eta Xabi Fernandez izan dira, belan, eta Josu Olalla eta Iñaki Urdangarin, eskubaloian, ondoz ondoko bi olinpiar jokotan podiumera igo diren bakarrak.

Kirolari ospetsuak

Nazioarteko kirol lehiaketarik ezagunenean, Luis Arconada, Jose Luis Korta, Martin Fiz, Maite Zuñiga, Almudena Cid, Joane Somarriba, Igor eta Alvaro Gonzalez de Galdeano edota Txomin Perurena bezalako euskal kirolari mitikoek parte hartu dute. Pedro Apellaniz, Londreseko 1948ko Jokoetan parte hartu zuen atleta da, 86 urte dituela, euskal kirolari olinpikorik beteranoena. Neguko Jokoetan, Ainhoa Ibarraren presentzia nabarmendu behar da, 4 aldiz parte hartu baitu Olinpiar Jokoetan: Calgary 88, Albertville 92, Lillehamer 94 eta Nagano 98. Eta lehiaketa paralinpikoan, Richard Oribe igerilaria azpimarratu behar da, urrezko 4 domina lortu baitzituen Sidneyn 2000 urtean; urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak Atenasen 2004an, eta urrezko domina bat eta lau zilarrezko Pekinen 2008an. Bestalde, Javier Otxoa txirrindulariak urrezko eta zilarrezko domina bana lortu zuen Atenasen eta Pekinen.

Edozein modutan, podiumera igo diren euskal kirolariez gain, euskal partaidetzak diploma olinpiko ugari ere lortu du. Gure ordezkariek 30 kirol diziplina ingurutan parte hartu dute (Atletismoa, Badmintona, Eskubaloia, Saskibaloia, Futbola, Gimnasia, Igeriketa, Piraguismoa, Borroka librea, Judoa, Triatloia, Bela, Hockeya, Txirrindularitza, Taekwondoa, Halterofilia, Tiraketa Olinpikoa, Boleibola, Boxeoa, Eski Alpetarra, Iraupen Eskia, Snowboarda, Boccia…), baina futbola, atletismoa, hockeya eta arraunketa dira euskal partaidetza gehien bildu duten kirolak.