basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 17
maiatza
2010

Hondarribiko portutik abiatuko da “1 Formulako” itsasontziekin antolatutako lehenengo espainiako itzulia

Estropada Santander, Xixon, Xanxenxo, Calpe eta Palma de Mallorcara ailegatuko da

Sei etapatan, bosna tripulatzailez osatutako IMOCA Open 60 klaseko zazpi belaontzi lehiatuko dira 1.780 itsas-miliako ibilbidea osatzeko asmoz

Estropada Hondarribitik abiatuko da ekainaren 12an, eta beste bost portutara arribatu ondoren, Bartzelonan amaituko da ekainaren 30a aldera

Ontziteria guztia arrantzaleen Kaian amarratuta egongo da ekainaren 8tik aurrera

Higuer lurmuturretik gertu emango zaio hasiera nagusia probari eta jarraitzaileek gertu-gertutik jarrai dezaten ibilbidea kostari itsatsita egingo da

Iker Martinez eta Xabi Fernandez munduko txapeldunak dira euskal taldeko buruak, eta lau itsasontzi espainiarri eta bi frantsesi aurre egin beharko diete

Hondarribia, 2010eko Maiatzak 17.- Ekainaren 12an, eguerdi-eguerdian, Hondarribiko Kirol Portua Espainiako Bela Itzuliaren irteeraren eszenatoki bihurtuko da. Formatu berriko lehiaketa honetan, IMOCA Open-60 motako belaontziak –itsasoko 1 Formulakoak– zein baino zein azkarrago lehiatuko dira iberiar penintsulari bira osoa egiteko asmotan. Lehendabiziko edizio honen ondoren, estropada bi urtez behin jokatuko da. Itsasontziak tripulatzaile batentzat edo birentzat diseinatuta dauden arren, proba honetan bost tripulatzaile ontziratu ahal izango dira.

Norgehiagoka honetarako 1.735 itsas-milia inguru (3.204 kilometro) dituen ibilbidea antolatu da. Ekainaren 12an, 7 taldeak Hondarribitik abiatuko dira, eta Santander, Gijon, Sanxenxo (Pontevedra), Calpe (Alacant) eta Palma de Mallorcako portuetara arribatu ondoren, hilaren 30a aldera Bartzelonara iritsi beharko dute.
Ontziteria guztia ekainaren 8ko arratsaldean Hondarribiako arrantzaleen kaian biltzeko agindua izango du, izan ere, estropada bulegoa 9an goizean zabalduko da belaontzien neurketak egin ahal izateko. Ontzien egokitzapena baieztatzen duen arauzko prozesu hau lehen aldiz espainiar eta frantziar neurketa arduradunez osatuta dagoen nazioarte mailako talde batek egingo du.
Prestaketa egunak bukatuta, IMOCA OPEN 60 belaontziak ekainaren 12ko goizean abiatuko dira irteera eremura, Higer lurmuturretik gertu. Kostari itsatsita egingo dute ibilbide tekniko laburra, lehen etapak helmuga izango duen Santanderrerako norabidea hartuz. Zaleei ikuskizuna hurbiltzea izango da hasierako tarte honen helburu nagusia, unez uneko baldintza meteorologikoak baldintzatuta eta Hondarribiako Itxas Klubarekin elkarlanean.
Espainiako lehendabiziko Bela Itzuli honetako partaideen artean, nazioarteko ospe handiko nabigatzaileak aipa daitezke. Hauetako batzuek abenduaren 31n Bartzelonatik abiatuko den Barcelona World Race deritzon eskalarik gabeko munduko itzulian ere parte hartuko dute, bina tripulatzailez hornitutako IMOCA Open 60 motako belaontzi berberen laguntzaz. Hauexek dira zazpi itsasontzietako patroiak:
• Vincent Riou frantziarra, garaipenez betetako palmaresa duena, bakarkako mundu-birako txapela (Vendée Globe 2004) eta proba honen 2009ko edizioan lortutako hirugarren postua tarteko direla, eta lehen postua Rolex Fastnet Racen. Frantziarrak bere PRB ontziaren gidaritzapean lehiatuko da.

• Marc Guillemot frantziarra, Safran-en gidaritzapean, nazioarteko lehiaketetan bi hamarkada luzeko ibilbidea egin eta iaz Transat Jacques Vabre proba irabazi zuena (Brasil eta Frantziaren arteko kafearen itsas-bidea). Hirugarren postua lortu zuen 2009ko Vendée Globe eskalarik gabeko bakarkako mundu-biran.
• Alex Pella kataluniarra eta Pepe Ribes valentziarra, Fundació Navegació Oceànica Barcelona (FNOB) delakoa Barcelona World Race norgehiagokari begira lantzen ari den proiektuko buruzagiak, Jan Santana taldeko zuzendaria dela. Alex eta Pepek Nueva Yorktik-Bartzelonara errekorda lortu berri dute Estrella Damm ontziarekin.

• Pachi Rivero eta Antonio Piris kantabriarrak. Hauen itsasontzia,
W Hotels-Nova Bocana, FNOB mundu-birarako prestatzen ari den proiektuari atxikita dago.

• Iker Martinez eta Xabi Fernandez, 49er kategoriako hiru aldiz munduko txapeldunak. Volvo Ocean Race delakoaren azken edizioan parte hartu ondoren, Bartzelonatik irtengo den mundu-biraren hurrengo edizioan parte hartzeko asmoa dute.
• Juan Merediz eta Francisco Palacio asturiastarrak, bi aldiz munduko txapeldunordeak eta Atlantikoko Grand Prix baten jabeak.

• Dee Caffari britainiarra eta Anna Corbella espainiarra, GAES Solidaria ontziaren buru dira, Barcelona World Race-ren irteeran parte hartzeko asmoa duten beste talde bateko kideak. Dee izan da mundu-bira bakarka, eskalarik gabe eta bi noranzkotan egin duen lehendabiziko emakumea, eta Anna izan da Atlantikoa estropadaz zeharkatu duen lehenengo espainiarra, aurten Espainiako Belako Errege Federazioaren Urteko Estropadalaria izendapena jaso duena.
Guzti horiei, Michel Desjoyeaux, Pedro Campos, Jaime Arbones, Simon Fisher, Bruno Dubois, Antón Garrote, Jeff Couzon, Jérémie Béyou eta luxuzko beste hainbat tripulatzaile elkartuko zaizkie etapa batzuetan.
Parte-hartzaile euskaldunez gain, Estropada batzordean ere Espainia eta Euskadiko bela federazioak izendatutako espezialista onenak izango dira, tartean zenbait euskaldun. Horrez gain, balizko kexak argituko dituen epaimahaikide izango da Cesar Sans bilbotarra.

Puntako teknologiako krosko bakarrekoak
IMOCA Open-60 belaontziak teknologiaren ikuspegitik abangoardian dauden krosko bakarreko itsasontziak dira, bereziki luzera handiko estropaden baldintza gogorrei aurre egiteko diseinatuta daudenak. Ontzi bakoitzaren diseinatzaileak askatasunez joka dezake sorkuntza-prozesuan, baina gutxieneko parametro hauek aintzakotzat hartuta: 59 eta 60 oin tarteko luzera (18 metro inguru), 5,5 metrotro zabalera, 4,5 metroko gehienezko sakonera eta 28 metroko masta. Karbono-zuntzez eginda daude, zortzi eta bederatzi tona tarteko pisua dute, eta oso itsasontzi azkar eta seguruak dira muturreko egoeretan, nabigaziorako aurrerapen teknologiko guztiez hornitutakoak.

Espainiako Bela Itzulia belaren kirola jendartean ezagutarazteko asmoz sortua da, Espainian Amerika Kopa, Volvo Ocean Race edo Barcelona World Race bezalako nazioarteko bela lehiaketak antolatzeak izan duen harrera ona aprobetxatuz. Txirrindularitzaren munduan bezalaxe, lehiaketa, nazioarteko egutegian ospe handia lortu duten Frantziako Bela Tourra edo Italiako Bela Giroaren ereduari jarraituz antolatu da.
Probaren formatuan, lehentasuna eman zaie bizitasunari eta dinamismoari, eta horrenbestez, portuetako eskalak “boxetako geraldiak” bezalakoxeak izango dira, eta mota berbereko itsasontziak aldi berean lehiatuko dira lehiaketa-formatua erraz-erraz ulertarazteko asmoz. Etapa bakoitzeko lehen sailkatuak puntu bat jasoko du, bigarrenak bi eta puntu bana gehiago hurrengoek. Ondorioz, estropadaren amaieran punturik gutxien lortu duen itsasontzia izango da probaren garailea. 0,5 puntuko aparteko puntuazio-sistema ezarri da Finisterre, Gibraltar eta Creuseko Lurmuturreko itsasarteetarako (itsasontziek biraketa egin beharko dute penintsularen ipar-ekialdean Bartzelonara arribatu baino lehen).
Norgehiagoka honetan, Kantauri Itsasoa eta Atlantiko eta Mediterranioa zeharkatuko dira, luzera desberdineko etapetan. Lehenengo etapak (Hondarribia-Santander), esate baterako, 90 itsas-milia izango ditu, eta Sanxenxo eta Calperen artekoak, aldiz, 830 itsas-milia inguru. Proba ekainaren 12an abiatuko da Hondarribitik, eta hurrengo etapak portu hauetatik hasiko dira: Santanderretik (maiatzak 14), Gijonetik (maiatzak 16), Sanxenxotik (maiatzak 20), Calpetik (maiatzak 26) eta Palma de Mallorcatik (maiatzak 28).
Antolatzaileak
Espainiako Bela Itzulia, Espainiako Belako Errege Federazioak eta Fundació Navegació Oceànica Barcelona delakoak antolatu dute, Euskadi, Kantabria, Asturias, Galizia, Andaluzia, Valentziar Komunitatea, Balear Uharteak eta Kataluniako bela federazioen laguntza instituzionalaz eta Hondarribia Itsas Errege Kluba, Santanderreko Itsas Errege Kluba, Estropadetarako Itsas Klub Asturiastarra, Sanxenxoko Itsas Errege Kluba, Calpeko Itsas Errege Kluba, Palmako Itsas Errege Kluba eta Bartzelonako Itsas Errege Klubaren lankidetzaz. Eusko Jaurlaritzak ere, Kultura Saila eta Euskal Kirol Portuen (EKP) zuzendaritzaren bitartez, babesa eman dio irteerari.