
maiatza
2009
Aritz Aranburu Tahitiko Txapelketaren ondoren.
Lanean berdin jarraituko duela adierazi du Aritz Aranburuk Tahitiko arrakastaren ondoren.
Tahiti-n surfeko elitean lortutako orain arteko sailkapenik onena mamitu ondoren, Aritz Aranburu euskal komunikabideen aurrean azaldu da gaur goizean Donostian. Zarauztarrak hirugarren postua lortu du Frantziar Polinesian jokatutako Billabong Teahupoo delako proban. Honek sekulako arrakasta suposatzen du bere kirol ibilbidean, eta egundoko aurrerakada Europako surfarentzat, orain arte hiru europarrek besterik ez baitute lortu finalerdirako sailkapena.
Surfeko Profesionalen Elkartearen (ASP) web ofizialak (www.aspworldtour.com) era askotako laudorioak erabiltzen ditu Aritzek Thaitin izandako jarduna deskribatzeko: “Aritz Aranburu (Euskadi), 23 urtekoa, ASPren iazko rankingean 39. postua lortu zuen berbera, Mari Errauskinen Ipuineko protagonista bihurtu da Billabong Pro Tahiti-n. Denboraldiko lehen bi probetan sailkatzeko norgahiagokak gainditu ezinik geratu bazen ere, ASP World Tour-en sartu den Euskal Herriko lehen kirolariak Dane Reynolds kaliforniar arrakastatsua (EEBB) gainditu zuen finalerdirako bidean, baita proba honen irabazle izan den Damien Hobgood (EEBB), Tom Whitaker beterano australiarra eta ASPko egungo eta bederatzi ediziotako txapeldun Kelly Slater (EEBB) ere”.
El norteamericano Bobby Martinez iparramerikarrak lortu zuen Tahiti-ko garaipena, baina oso alde txikiaz nagusitu zitzaion Aritzi: 17,17 puntu estatubatuarrak eta 15,23 puntu euskal ordezkariak. Zarauztarra ASP World Tour-en sailkapen orokorreko 19. postuan kokatu da 1.326 punturekin, baina gogoan izan txapelketa osatzen duten hamar probetatik hiru besterik ez direla jokatu orain arte. Txapelketa Mundakako barran jokatuko da urriaren 5etik 17ra bitartean.
Gertaera europarra
Euskal surflaria izan da ASP World Tour-en historian finalerdira iristea lortu duen laugarren europarra. ASP World Tour kirol honetako munduko txapelketa profesionalaren baliokidea da. Tradizionalki iparramerikarrak eta australiarrak izan dira nagusi, eta testuinguru honetan, zera irakur daiteke ASPren webgunean: “Aranbururen jardunak beste aurrerapausu bat suposatu du europar surfa munduko onenen artean nabarmentzeko ahaleginean, eta horrexen isla dugu azken urteotako bilakaera, izan ere, 2007an izan zuen ordezkari bakarraren aldean zazpi ordezkari izan baititu 2009an”. Mundu-Txapelketako hurrengo hitzordua, Santa Catarina-n (Brasil), ekainaren 27tik uztailaren 5era bitartean jokatuko den Hang Loose Pro izango da.
Aritz Aranburu (Zarautz, 1985/08/30) kirol honen historian sortutako euskal surflaririk onena da, zalantzarik gabe. Nazioarteko lehen norgehiagoka 14 urte zituela irabazi zuen, eta 2004 eta 2005 urteetan, munduko 5.a eta Europako txapeldunordea izan zen juniorretan. 2007an, Europako Txapelketan nagusitu zen, eta 2008an WCTan —munduko surf-elitearen “top 45”ean— sartzea lortu zuen.
Aritz Aranburuk BAT Basque Team-en babespean jardun du. Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da erakunde honen xedea. Ekimena Eusko Jaurlaritzak —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistak (EITB) sustatu dute. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial. Ekimenak laguntza eskaintzen die goi-mailako kirolariei prestakuntza hobetzeko asmoz. Fundazioaren beste zereginetako batzuk dira, kirol prestakuntza eta trebakuntza optimizatzen laguntzea eta kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea.