basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco
10
junio
2015

BASQUE TEAM-EK 911.000 EURO BANATUKO DITU BEKETAN 59 KIROLARI, 15 TEKNIKARI ETA ELITEKO BI TALDEREN ARTEAN

Fundazioaren beka jasoko duten kirolariek 29 partehartze dituzte Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan, baita 74 domina ere, jokoak nahiz munduko eta Europako txapelketak barne hartuta Fundazioak 16 espezialitate olinpikotan, bederatzi ez-olinpikotan eta kirol egokituko sei espezialitatetan lortutako bikaintasunagatik emango ditu beka horiek Goi-mailako 10 kirolari, bodyboarda eta karatea berreskuratu eta estreinakoz arrauna eta curlinga sarituko dituen […]

Fundazioaren beka jasoko duten kirolariek 29 partehartze dituzte Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan, baita 74 domina ere, jokoak nahiz munduko eta Europako txapelketak barne hartuta

Fundazioak 16 espezialitate olinpikotan, bederatzi ez-olinpikotan eta kirol egokituko sei espezialitatetan lortutako bikaintasunagatik emango ditu beka horiek

Goi-mailako 10 kirolari, bodyboarda eta karatea berreskuratu eta estreinakoz arrauna eta curlinga sarituko dituen BASQUE TEAM bekez baliatuko dira lehenengo aldiz

 

2015 Beken dosierra atxikita

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari Jon Redondok BASQUE TEAMen egoitzan aurkeztu du gaur goizean GOI-MAILAKO KIROLARIEI ZUZENDUTAKO 2015EKO BEKAK ematearen balantzea. Erakundeak lehiako bikaintasuna saritzeko banatuko dituen laguntzen guztizko kopurua 911.000 eurokoa izango da aurten, eta 59 kirolarik, 15 teknikarik eta eskubaloiko eta emakumezkoen belar-hockeyko talde banak jasoko dituzte.

Jasotako 120 eskaeretatik, Fundazioaren Batzorde Teknikoak 76 onartu ditu, hots, eskaera guztien % 63,3. Bekak onartu ala errefusatzeko, zorroztasun handiz aztertzen dira aurreko denboraldian lortutako emaitzak, markei dagokienez zein nazioarteko lehiaketetan eta txapelketan izandako partehartzeei dagokienez.

Beka hauez profitatzen diren kirolarien goi-errendimendua beren palmares kolektibo bikainean islatzen da: BASQUE TEAMen 2015eko bekak lortu dituzten kirolariek, guztien artean, 29 partehartze izan dituzte Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan, eta urrezko, zilarrezko edo brontzezko 74 domina irabazi dituzte Joko Olinpikoetan nahiz munduko edo Europako txapelketetan.

BASQUE TEAM marka erabiltzen duen Euskadi Kirola Fundazioak urtarrilean zabaldu zuen goi-mailako euskal kirol ez-profesionala sustatzeko 2015eko beketarako deialdia. Jon Redondok, patronatuko idazkaria den aldetik, Batzorde Betearazleak jaso dituen eskaeren gaineko erabakia ezagutarazi du gaur. Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariaren ondoan, nazioarteko maila duten bi kirolari ere agertu dira bekadun guztien ordezkari gisa: hiru olinpiadetan parte hartu ondoren Rioko 2016ko jokoetara iritsi nahian dabilen Ainhoa Murua, eta Lucas Eguibar riderra, Sochiko Neguko Jokoetan diploma olinpikoa lortutakoan snowboardcrosseko Munduko Kopa irabazi duena.

10 kirolari berri eliteko zerrendan
Fundazioak 16 espezialitate olinpikoren artean banatuko ditu bere laguntzak, espezialitate horietako bi neguko Jokoei dagozkielarik: pisu-jaurtiketa, triatloia, igeriketa, borroka, judoa, arku-tiroa, tiro olinpikoa (doitasun eta skeet modalitateetan), arrauna, piraguismoa (ur bareetan eta slalomean), bela, pistako txirrindularitza, emakumezkoen futbola, eskubaloia, zazpiko rugbya, iraupeneko eskia eta snowboarda. Era berean, bekak banatu ditu bederatzi kirol ez-olinpikotan (piraguismoa, atletismoa, triatloia, patinajea, motoziklismoa, bodyboarda, curlinga, karatea eta surfaren beste modalitate batzuk), eta kirol egokituko sei espezialitatetan (igeriketa, pistako txirrindularitza, eskia, snowboarda, saskibaloia eta mahai-tenisa).

Guztira, goi-mailako 10 kirolari BASQUE TEAM bekez profitatuko dira estreinako aldiz: Jon Carazo (arrauna), Carlos Tobalina (pisu-jaurtiketa), Bradley Linklater (rugbya), Ana Temprano (eskubaloia), Aitor Garmendia eta Xabier Ruiz de Aretxabaleta (piraguismoa), Irantzu García eta Sergio Vez (curlinga), Jagoba Vizuete (karatea) eta Alex Uranga (bodyboarda).

Lehen mailako kirolari hauek BASQUE TEAMeko beketan bildu izanak bi diziplina berreskuratzea ahalbidetu du: karatea (hiru aldiz Europako txapela irabazi zuen Patxi Martínez izan zen kirol honen azken ordezkaria) eta bodyboarda (munduko txapelduna izan zen Eunate Agirre erretiratu ondoren). Aldi berean, Fundazioak lehiako beste bi kirol bildu ditu estreinako aldiz: arrauna eta curlinga (izotzezko pista baten gainean taldeka praktikatzen den doitasunezko kirola).

Euskal kirolaren izen handiak
Basque Team-eko kirolarien artean, aurten, berariaz nabarmentzeko moduko izenak daude, hala nola, Iker Martínez (Olinpiadetan urrezko domina bat eta zilarrezko domina bat lortu ditu, baita munduko eta Europako hiruna bela-txapelketa ere), Kako Aranburu (plater-tiroketako munduko txapelduna), Maialen Chourraut (piraguismo-slalomeko brontzezko domina Londresko 2012ko Jokoetan, munduko txapeldunordea eta berrikitan Europako txapelduna), Maider Unda (brontzezko domina Beijingeko olinpiadetan, brontzezko domina munduko txapelketan, eta zilarrezko domina bat eta brontzezko domina bi borroka libreko Europako txapelketan), Leire Olaberria (munduko txapelketan nahiz Olinpiar Jokoetan podiumaren hirugarren postura igo dena), Eli Pinedo eta Patricia Elorza eskubaloi jokalariak (Londresko 2012ko jokoetan brontzezko domina irabazi zuen estatuko selekzioko kideak) edota Patxi Peula (patinajeko munduko txapelduna). Bi kirolari paralinpiko hauen palmaresa ere nabarmendu behar da: Richard Oribe igerilaria (egundoko emaitza du: bederatzi urrezko domina, bost zilarrezko domina eta brontzezko domina bat, Joko Paralinpikoetan egindako sei partehartzeetan) eta Jon Santacana eskiatzailea (bina domina jokatutako lau paralinpiadetako hiru metaletan, munduko txapelketetan lortutako zortzi urrezko dominaz eta lau zilarrezko dominaz gain).

Laguntzetan banatuko den 911.000 euroko guztizko kopuru horretatik, 711.000 euro (% 78) banakako bekei dagozkie, eta 105.000 euro bi kirol talderen artean banatuko dira (emakumezkoen Bera Bera eskubaloi taldea eta belar-hockeyko Real Sociedad taldea). Aurrekontuan, halaber, 30.000 euroko kontusail bat dago banakako laguntza osagarrietarako, eta 45.000 euroko beste kontusail bat kirol emaitzen araberako sariztapenetarako. 2015eko aurrekontuan, azkenik, 20.000 euro, kirolariak goi-errendimenduko entrenamendu-zentroetara bidali eta bertako egonaldiak ordaintzen laguntzeko erabiliko dira.

BASQUE TEAMek 2015ean kirol olinpikoetan emango dituen banakako 31 bekak ia-ia erdibana eramango ditute gizonezkoek (16) eta emakumezkoek (15). Hauexek dira dirulaguntza gehien bilduko dituzten kirolak: futbola (emakumezkoen Athletic taldean dauden Eli Ibarra, Irene Paredes, Erika Vázquez eta Ainhoa Tirapu nazioarteko lau jokalariei zuzendutako bekekin), pistako txirrindularitza (Hodei Mazkiaran, Unai Elorriaga, Leire Olaberria eta Tania Calvo) eta piraguismoa (Iñigo Peña ur bareetan eta Samuel Hernanz, Ander Elosegi eta Maialen Chourraut slalomean). Espezialitate ez-olinpikoetan, gizonezkoek gehiengo argia dute (zortzi gizonezko eta eta emakumezko bakar bat).

Goi-errendimenduko kirolariei laguntzen dieten teknikariei dagokienez, piraguismoko hiru espezialista eta txirrindularitzako (pistakoa nahiz egokitua) beste hiru espezialista nabarmen daitezke, eta gainerako bekak bodyboarda, judoa, karatea, borroka, arrauna, igeriketa eta triatloia bezalako kirolen artean banatu dira.

Azkenik, BASQUE TEAMek kirol egokituaren arloan banatuko dituen zazpi bekak, Richard Oribe igerilariak, Amador Granados txirrindulariak, Neguko Joko Paralinpikoen azken edizioan aparteko jarduna egin zuten hiru kirolarik (Jon Santacana eskiatzaileak eta Urko Egea eta Aitor Puertas snowboarderrek), Asier García gurpil-aulkiko saskibaloi-jokalariak eta Iker Sastre mahai-teniseko jokalariak jasoko dituzte.