basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
11
urria
2012

AKLIMATAZIOA ARRAKASTAZ AMAITU ONDOREN IGANDEAN ABIATUKO DA TONTORRERANTZ NATURGAS/BBK NUPTSE 2012 ESPEDIZOA

Bart amaitu zuen NATURGAS/BBK NUPTSE 2012 espedizioak altuerara aklimatatzeko garaia, egindako hirugarren irteeratik oinarrizkoa kanpalekura itzuli ondoren. Egindako lanak Basque Team-eko alpinistak Baruntse mendiaren inguruan bi gau igarotzera behartu ditu , 6.000 metroko altueran. Oraingoan esfortzu handia izan da, altueraz gain egindako distantzia eta eguraldi eskasak gauzak zaildu ditu baina espediziokideak gustora itzuli dira burututako […]

Bart amaitu zuen NATURGAS/BBK NUPTSE 2012 espedizioak altuerara aklimatatzeko garaia, egindako hirugarren irteeratik oinarrizkoa kanpalekura itzuli ondoren. Egindako lanak Basque Team-eko alpinistak Baruntse mendiaren inguruan bi gau igarotzera behartu ditu , 6.000 metroko altueran. Oraingoan esfortzu handia izan da, altueraz gain egindako distantzia eta eguraldi eskasak gauzak zaildu ditu baina espediziokideak gustora itzuli dira burututako lanarekin eta hiru egun barru bertara eraman dituen helburua gauzatzera aterako dira, eguraldiak baimentzen badu behintzat.

Oinarrizko kanpalekutik satelite bidezko telefonearen bitartez Mikel Zabalzak atzo etengabeko 10 orduko  ibilaldiaren ondoren oinarrizko kanpalekura heldu zirela kontatu digu, Baruntse mendiaren magaletik atera zirelarik, hain zuzen ere orain hiru urte Makaluko espedizioan hirurek bisitatu zuten menditik. “Lau egun eman ditugu kanpoan eta gogorra izan da, helburua nahiko urruti dago, zorua ere ez dago batere ondo eta 5.900-6.000 metroko muinotxoak gainditu behar izan ditugu. 6.500 metroetara heldu nahi genuen baina azken 2 gauetan ezin izan dugu 6.200etik pasa, ikaragarrizko elurtea bota baitzuen; ia 40 zentimetro bota berri zituen eta igotzea erokeria zen orduan”.

Arazo larririk ez dugu izan -aipatu du nafarrak- baina ez da batere erosoa bi pertsonentzat pentsatuta dagoen denda batean hiru lagun sartzea, 30 orduz elurpean eta zero azpiko 18-20 gradu genituela. Oztopoak oztopo kontent gaude aklimatazioa pentsatu bezala egin dugulako: orain hiru eguneko atsedenaldia hartuko dugu eta igandean, eguraldiak laguntzen badu, Nuptserantz  abiatuko gara tontorrerako iristeko asmotan.

Eguraldi iragarpen zehatza jaso bitartean haizea da aurkari nagusia Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzarentzat. Ildo horretan Mikelek esan duenez “iragarpen berririk ez dugu ikusterik izan baina jaso genituen azken prebisioek 70 kilometro orduko haizea ematen zuten 7.500 metrora, gutxienez hilaren 14ra arte, eta egoera honek asko zailduko luke gure helburua kontutan izanda 30 gradu azpiko tenperaturekin sentsazioa askoz bajuagoa dela, izozketak sufritzeko arriskuarekin”. Elurra aldiz ez litzateke arazo handia izango, fronterik ez baitute iragarri hurrengo eguneratarako. Eguraldia oinarrizko kanpalekuan Baruntseren magalean baino hobeagoa da eta horrela mantentzeko joerarekin atseden hartuko duten hiru egunetan.

Ondobidean Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak igandean ekingo liokete tontorrerako bideari, baldintza onetan oinarrizko kanpalekutik kanpo bostpazei egun egotea suposatuko luke. “Edozein modutan, Zabalzaren zehaztu duenez- igandean ezin badugu atera momentuz denboraz ondo gabiltza, moralez eta prestakuntza aldetik ere gainezka gaude gainera” .

NATURGAS BBK NUPTSE 2012 ESPEDIZIOAk Everesteko hego-mendebaldetik hiru kilometro eskasera dagoen mendi bat jarri du helburu moduan. Nuptse, hegoaldetik, bost kilometroko zabalera duen horma da, oso bestelako bost tontor dituena, guztiak 7.700 metrotik gorakoak. Tontor nagusia 6 aldiz igo da soilik, eta behin baino ez hegoaldeko hegaletik, euskal espedizioak helburutzat jarri duen bidetik. Jatorrizko zailtasunez gain Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak alpetar estiloak dakartzan mugak gehituko diote erronkari ( oxigenorik gabe, garraiatzailerik gabe, soka finkorik gabe eta altuerako kanpamentu egonkorrik gabe), orain arte

Hiruko kordada

Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) 15 zortzimilako igo ditu, Juan Vallejo (Gasteiz, 1970) zortzi eta Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) bi. Hiruren artean, esperientzia zabala bildu dute alpetar estiloko igoeretan, eta hau ezinbestekoa da espedizio honetan finkatu den erronka latzari aurre egin ahal izateko. Estilo horretan eskalatu dituzte Shisha Pangmaren hegomendebaldeko hegala (8.027 m.), Lhotse (8.516 m.), Cho Oyu (8.201 m.), Lempo Gan (7.125 m.) eta Aconcaguaren hegoaldeko hegala (6.962 m.). Era berean, alpetar estiloan ahalegindu ziren Hornbein korridorea zeharkatzen, Everesten iparraldeko hegalean (8.500 metroraino iritsiz), baita Dunagiriren iparraldeko hegala eta zailtasun handiko baina altuera txikiagoko beste mendi batzuk ere, hala nola, Izenik Gabeko Dorrearen Eternal flame deritzon bidea edota Changi Tower-en ireki zuten Ludopatia bidea (azken hauek Karakorumen). Duela lau urte, hiru mendizaleak G-IVren (7.913 m.) ipar gailurrera igo ziren, ez alpetar estilo hutsean, baina oso estilo arinean. 2009an, Makaluren mendebaldeko harroina eta Everesteko Hornbein korridorea alpetar estiloan igotzen saiatu ziren. 2010ean argi geratu zen alpetar estiloko hiruko kordada honen nagusitasuna Broad Peak-en historia egin zutenean, bide berri bat irekiz eta hiru tontorrak zapalduz.

Basque Team

Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritzak —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistak bultzatu dute. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, Skoda, IMQ, Cespa-Ferrovial eta Euskaltel. Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo honetan, Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.

Basque Team Fundazioaz gain, NUPTSEren hego hegalerako espedizioak, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzaren aurreko edizioek bezalaxe, Naturgas Energia eta BBK ere izango ditu babesle.