urria
2020
Janire Gonzalez Etxabarri, Europako txapeldun junior mailan
Basque Team Fundazioak eta Euskal Herriko Surf Federazioak abian jarritako bikaintasun proiektuko surflariak garaipena lortu du Portugalen jokatutako Junior Pro Espinho txapelketan, eta World Surf Leagueko junior mailako Europako koroa preziatua erdietsi du horrela.
15 urte baino ez dituen Janirek Praia da Baian jokatu den txapelketan lortu du garaipena, metro bat eta metro t´erdi bitarteko olatuak surfeatuz, segurtasun eta erraztasun izugarria erakutsita. Zumaiako surflariak puntuaziorik altuena lortu du txanda bakoitzean, eta txanda bakoitzeko onena izan da. Lehenengoan, Nerea Donaire, Alicia Takashi eta Lilou Maury gainditu zituen; final-laurdenetan, Lucia Machado, Bahia Frediani eta Hina-Maria Conradi azpiratu zituen; finalerdietan, berriz, Machado, Donaire eta Sarah Leiceaga baino hobea izan zen, eta lauko final handian, Lucia Machado, Ainhoa Leiceaga Urruñako surflaria eta Rachel alemaniarra garaitu ditu.
“Inoiz ez naiz hain olatu onekin lehiatu, eta oso dibertigarria izan da”, adierazi dio AS egunkariari Janirek uretatik irtetean. “Europako txapeldun titulua irabaztea beti izan da helburua, baina ez nuen uste hain azkar iritsiko nintzenik, Junior mailan urte batzuk geratzen zaizkit eta beste askotan irabazten saiatuko naiz”, gaineratu du. “Nadia Erostarberekin (2018ko txapelduna eta Basque Team-eko bekaduna) entrenatzen dut sarritan, eta inspirazioa da niretzat, beraz, pozik nago pixka bat kopiatu ahal izan diodalako” bukatu du.