basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 27
iraila
2020

Iñigo Peña Basque Teameko piraguistak brontzea irabazi du Szegedeko Munduko Kopan

Begoña Lazcano seigarren izan da K4-500 metroko finalean

Iñigo Peña eta Paco Cubelos dira Munduko txapeldunordeak K2-1000 metrokoan, sprint piraguismoan, eta domina bat irabazteko hautagai serioak Tokioko Jokoetan. Szegeden jokatu zen hain zuzen ere 2019ko Munduko Txapelketa, eta gaur ere ez dute hutsik egin Hungariako pistan, asteburu honetan jokoan den Munduko Kopan brontzezko domina irabazita.

Ostiralean sailkapen txanda bikaina burutu zuten, bigarren postuan amaituta, Belgikako Sikkens eta Peters irabazleekin ia batera helmugaratuz, eta emaitza horrek A finalerako txartela zuzena eman zien, finalerdia jokatu behar izan gabe.

Gaur, COVID-19k sortutako pandemiak baldintzatutako denboraldi honetako estropadarik garrantzitsuenean, podiumarekin zuten hitzordua ez dute galdu. Ohikoa denez, lasterketaren lehen zatian indarrak gorde dituzte, laugarren postuari eutsiz, eta azken 250 metroetan sartuta hasi dira tiraka. Estrategia horrek oso emaitza onak eman dizkie ziklo olinpiko osoan, eta 2017tik nazioarteko txapelketa handietako ia podium guztietan sartu ditu. Hala ere, gaur estropadaren amaiera beste batzuetan baino dezente estuagoa izan da, agian denboraldi honek ez duelako lehiatzeko eta martxa hartzeko parada edo abagunerik eman. Peñak eta Cubelosek ahalegin handia egin behar izan dute gaur, lasterketako azken uneetan dominari eusteko. Urrezko domina Carré eta Hubert frantziarrek poltsikoratu dute, azken Munduko Txapelketan brontzea lortu zutenek, zilarra Burgo eta Beccaro italiarrek eraman dute (+1.12) eta brontzea Peñak eta Cubelosek (+1.51).

Bestalde, Begoña Lazcano Basque Teameko palistak bigarren finala jokatu du gaur Szegedeko Munduko Kopan. Pasaitarrak bederatzigarren bukatu zuen atzo K2-500 metroko lasterketan (proba honetan sailkapen olinpikoagatik borrokatzeko aukerak ditu oraindik), eta gaur seigarren amaitu du K4-500eko finala, Laia Pelachs, Isabel Contreras eta Miriam Vega taldekideekin batera. Ukrainarrek, frantziarrek eta errusiarrek ezarritako erritmoari ezin izan diote jarraitu, baina Lazcanoren laukotearen errendimenduak hobera egin du estropadaren azken zatian.