basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 16
uztaila
2020

“Familiak asko erakartzen gaitu, erabaki dugu hona bueltatzea eta Tokiorako azken urte hau hemen prestatzea”

Maialen Chourraut piraguistak Seu d´Urgell utzi du eta Donostiara, etxera, itzuli da

Maialen Chourraut txapeldun olinpikoa etxera itzuli da. Bere entrenatzaile eta senarra den Xabier Etxanizekin batera, Jokoen aurreko azken urtea bertan prestatzea erabaki du. 23 urterekin joan zen Maialen Seu d´Urgellera, goi mailako piraguismoak eskatzen dituen baldintzen bila, eta 37 urterekin bueltatu da etxera, brontzezko eta urrezko domina olinpikoekin poltsikoan. Koronabirusak ekarritako pandemiak kirolarien bizitza aldatu zuen, baina ez da izan azken asteetan Maialen Chourrautek bizi izandako aldaketa bakarra. Familiak Donostiara bueltatzeko asko erakarri duela baieztatu dio Basque Team Fundazioari.

“Atzo esaten nion alabari, Ane, zure aita eta ni Tokion egon behar ginen, Joko Olinpikoetan eta zu Donostin, lehengusuekin, osaba eta izebekin, amonekin eta begira nola diren gauzak danok gaudela hemen, ez daukagula konpetiziorik!”

Tokioko Jokoak pasa eta gero Donostiara bueltatzea zen euren asmoa baina pandemiak egutegia hankaz gora jarri duela ikustean, pausoa orain ematea erabaki dute. Maialenek bere errutinak aldatu beharko ditu baina positiboa izango dela dio. Ajuste teknikoak egiteko eta keinuak automatizatzeko ere aprobetxatuko du denbora.

“Etapa berri batean hasi gara, familiak asko erakartzen gaitu eta familiarekin egoteko gogo handia geneukan eta urte asko Seun egon ondoren, erabaki genuen hona bueltatzea eta Tokioko azken urte berri hau hemendik egitea. Gure basea hau izango da eta hemendik mugituko gara. Ideia da hemen badian entrenatzea, gimnasioa Atleticon, eta Pau aprobetxatzea. Udazkenetik aurrera Ereñozura ere joatea, garai batean joaten nintzan bezala, hara joanda, ur lasaiak eta ate batzuekin, eta San Miguelera. Pixkanaka pixkanaka joango naz errutina berri honetara egiten baina zalantzarik ez dago kotxean kilometro asko sartu beharko ditudala. Seura ere joan etorriak egongo dira. Urte olinpikoa izatean Tokion entrenamenduak izango dira. Urte olinpikoa asko bidaiatzeko urtea izaten da”.

Munduko Kopekin eta irailean Pragan jokatuko litzatekeen Europako txapelketarekin zer gertatuko den oraindik ez dago erabat garbi. Argi dagoena da txapeldun olinpikoaren xedea ez dela aldatu eta Tokion, ahal baldin bada, podiumera hirugarren aldiz igotzen ahaleginduko dela.

“Kostatu zan 2020ko uztailatik Tokio borratzea baina segituan datorren urteko egutegian markatu dugu, eta buru-belarri gabiltza, ametsa hor jarrita dugu”.

Maialenek eskertzen ditu Seun pasatako urteak, hango baldintzak lortu duena lortzeko ezinbestekoak izan direlako eta han zoriontsu izan delako, familia bat eratu duelako. Dena den, Donostian berriz etxean sentitzen da. Bere hastapenetako jende eta oroitzapenekin topo egin du berriro eta etorkizun oparoa duen harrobia ezagutu du. Baieztatzen du harrobi hori lantzeko eta txapeldunak bertatik joatea ekiditeko, Euskadin ur-bizietako kanal bat edukitzea beharrezkoa dela. Bere ametsetako erretiroa hor irudikatzen duela dio Chourrautek.

“Seun pasatako urteak nere karrera deportiboan beharrezko urteak izan dira. Urte politak izan dira. Piraguista bezela hemen formatu nintzan baina gero goi maila horri han eutsi nion. Hemen ez daukagu han daukaten egoera edo baldintza deportibo hain onak. Seun kanala etxetik bost minututara daukat, gimnasioa ere, eta entrenatzeko baldintzak oso onak izan dira”.

“Pentsatzen dut hona etortzeko erabakia ere nire kirol garapenerako ona izango dala. Itsasoan paleatzeak alde on asko ditu, Seuko erosotasunetik irtetzeak gauza berriak estimulatzen dizkit eta hastapenetara bueltatzen naiz. Hemen nago eta egia da piragua ateratzen dudan bakoitzean hemen dagoen giroan etortzen zaizkidala duela urte askotako oroitzapenak. Uste dut talde giroa izan zala engantxatu ninduen gauza, eta giro hori mantentzen da. Gozada bat da egunero etorri eta giro hori ikustea gainera adin ezberdinetako pertsonengan”.

“Hemen proiektu oso aurreratu bat dago Zubietan kanal bat egiteko eta nire desio handiena da erretiratzen naizenean hor entrenatzen egotea. Ez det erretiratu nahi bertan entrenatu gabe”.