basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 07
martxoa
2020

Basque Teameko Lucas Eguibar snowboardlaria erraz nagusitu da Sierra Nevadako Munduko Kopan

Atzoko saioa bertan behera uztera behartu zuen haize bortitzak, baina gaur eguraldiak ezin izan du Lucas Eguibarrekin. Basque Teameko snowboarderrak irabazi du Sierra Nevadan jokatu den boardercrosseko Munduko Kopako proba. Lehenengoa izan da kalifikazio txandan eta gero serie guztietan irabazi du. Finalean Alessandro Haemmerle austriarra eta Peter Berg alemaniarra gainditu ditu.

Jardunaldia sailkatze txandarekin hasi da, atzo haizeagatik bertan behera utzi behar izan zutelako. 60 parte-hartzaileetatik denborarik onena egin du Eguibarrek, 54.98rekin. Final-zortzirenetako kanporaketan lehena iritsi da helmugara, Omar Vistini italiarraren eta Fillip Freudenberg eta Martin Noerl alemaniarren aurretik.

Final laurdenetan, irteera bikaina egin du Eguibarrek. Berehala urrundu da Omar Vistini, Paul Berg alemaniarrarengandik eta Senna Leith estatubatuarrarengandik. Jaitsiera ederra eginda, finalerdietarako txartela lortu du.

Erronda horretan ere buru jarri da atera bezain pronto, atzetik Kearney eta Perthonerren arteko ukitu batek biak lurrean utzi ditu eta Berg geldiarazi du. Lehen postuan geratu da Eguibar, azken metroei aurre eginez.

Dagoeneko finalean, Lucas Eguibarrek Berg, Haemmerle (denboraldi honetan Montafoneko Munduko Kopako irabazlea) eta Jakob Dusek austriarra (bigarren Big Whiten) izan ditu aurkari. Irteeratik bertatik, ‘Luki’k abantaila hartu du eta aurreko kanporaketetan bezala, helmugan lasai sartzeko eta garaipenaz gozatzeko aukera izan du.

“Nire garaipenik onena da. Etxean irabaztea da eska daitekeen gauzarik onena. 2017an urrearen arantzarekin geratu nintzen, eta begira, hemen daukagu “, esan dio Lucasek Efe agentziari finala bukatu eta gero.

Lucas Eguibarrek Munduko Kopako hiru proba irabazi ditu jada, hirurak Veysonnazen (Suitza), 2015ean, 2016an eta 2019an. Bigarren izan zen VallNord-Arcalisen (Andorra) 2014an, Veysonnazen (Suitza) 2015ean eta Feldbergen (Alemania) 2017an. Gainera, brontzezko 5 domina pilatzen ditu: Arosan (Suitza) 2013an, Sunny Valleyn (Errusia) eta Baqueira Bereten 2016an; Veysonnazen (Suitza) eta Val Thorensen (Frantzia) 2017an. Horrez gain, zilarrezko bi domina irabazi zituen Sierra Nevadako Munduko Txapelketan, 2017an, bata bakarkako lehian eta bestea taldekako lehian. Bi aldiz izan da olinpikoa, Sochi 2014an eta Pyeongchang 2018an. Errusiako hitzorduan diploma olinpikoa lortu zuen.