basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 12
azaroa
2019

Eneko Atxak Basque Teamentzat diseinatutako menu olinpikoak aurkeztu ditu, Fundazioko kirolariek lagunduta

Urteko hitzordu handiari begira, Tokio 2020ko Jokoei begira, sortutako menuak gaur prestatu dituzte kirolariek Larrabetzuko ‘Eneko’ jatetxean egindako Show Cooking-ean

Eneko Atxa bost Michelin izar dituen chefak bere harri-koskorra jarri nahi izan du Basque Team Fundazioaren aurtengo hitzordu garrantzitsuenerako, Tokion jokatuko diren Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetako prestakuntzetan. Horretarako, Basque Team-eko kirolarientzat espresuki bi menu diseinatu ditu.

Xabier Leibar Fundazioko arduradun biomedikoaren nutrizio-gomendioei jarraituz, sukaldariburuak bi menu sortu ditu goi-mailako lehiaketei aurre egiteko atletek behar dituzten elikadura-ekarpen guztiekin. Beti lehengaien kalitatea, sasoiko produktuak eta jarduera-gastronomikoaren iraunkortasuna lehenetsiz, lehenengo menuan tartare begetala, azpizuna sagarrarekin, azalorearekin, perretxikoekin eta Idiazabal gaztako gnokiekin, eta arroz-esnea prestatu dituzte; bigarren menuan, berriz, arrain marinatua eta ozpin-olioa, baserriko arrautza gorringoa gari-estofatuaren gainean eta karamelizatutako torrada sukaldatu dituzte.

Goi-mailako lehiaketetarako prestakuntzen barruan, elikadura da kirolariek zaindu behar duten zutabeetako bat; nutrizioa laguntza ergogenikotzat har daiteke lan fisikoa egiteko gaitasuna handitzeko eta errendimendua hobetzeko orduan. Sarritan, ordea, nutrizio eskakizunek platerak monotonian erortzea eragiten dute. Horregatik diseinatu ditu Eneko Atxak menu horiek, beharrezko ezaugarri guztiak biltzen dituztelako, palatabilitateari uko egin gabe.

Zornotzako sukaldariak bere sorkuntzak aurkeztu ditu gaur Larrabetzuko ‘Eneko’ jatetxean, Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Joan Crespo piraguistek, Elena Loyo, Arantza Moreno eta Carlos Tobalina atletek, Ian Ponciano skaterrak, Asier Garcia saskibaloi jokalariak, Aitor Francesena surflariak, Jon Carazo arraunlariak, Mikel Linacisoro eskalatzaileak, Rakel Mateo paratriatletak, Barbara Pla eta Igor Genua errugbi jokalariek, Juan del Campo eskiatzaileak, Irantzu Garcia curling jokalariak eta Basque Team-eko enbaxadore diren Maider Undak, Naiara Gomezek, Patxi Peulak eta Richard Oribek lagunduta.

Orain dela gutxi Gastronomia Osasungarriaren Sari Nazionala jaso duen Eneko kirolzale sutsua da, elikaduraren mundua osasunarekin estu lotuta dagoela aitortzen du eta tresna garrantzitsua dela dio. “Gure lana da gure ezagutza gizarte-ongizatearen alde erabiltzea, pertsonen beharretara egokituz”, dio Eneko Atxak. Gizarte-konpromisoari eta iraunkortasunari lotuta beti, Enekok proiektu honen ordainsariak Basque Know How Fundazioari ematea erabaki du. Fundazio horrek garapen iraunkorrarekin konprometitutako lan-eredua zabaltzen eta sustatzen du, eta euskal kultura-ondarea eta haren adierazpenak babesten laguntzen du.

Hiru Michelin izar dituen ‘Azurmendi’ jatetxeaz gain, sukaldariak ‘Eneko’ jatetxe bat du Larrabetzun, beste bat Bilbon, beste bat Londresen, beste ‘Eneko’ bat eta ‘Basque’ jatetxea Lisboan eta ‘Eneko’ jatetxea Tokion, 2017an irekita. Hain zuzen ere, Basque Team-eko kirolari asko Japoniako hiriburuan izango dira, han jokatuko baitituzte Olinpiar Jokoak 2020ko uztailaren 24tik abuztuaren 9ra eta Paralinpiar Jokoak abuztuaren 25etik irailaren 6ra.