basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 11
iraila
2019

Aranburuk, Erostarbek eta Ochoak ezin izan dute Aloha Cupeko finalerako txartela lortu Munduko talde onenen aurkako lehian

Itsasoaren baldintzak ikusita, Miyazakiko Munduko txapelketak taldekako lehiaketa mistoan, ‘Aloha Cup’ean jarri du gaur arreta. Aritz Aranburuk, Nadia Erostarbek, Ariane Ochoak eta Vicente Romerok osatutako taldeak Munduko potentziekin neurtu ditu indarrak finalerdietako txandan eta ez du zorte handirik izan. Horretan Estatu Batuak, Australia eta Frantzia izan dira bere aurkariak.

Kirolari bakoitzak bi olatu surfeatzeko aukera zuen denbora mugatu batean, gero beste taldekide bati pasatu behar zion lekukoa eta bukaeran lortutako puntuazio guztiak batu behar ziren. Beraz, oso garrantzitsua zen olatuen aukeraketa ona egitea.

Hasieratik Estatu Batuak eta Australia lehen bi postuetan kokatu dira. Txandako liderra izateko lehiatu dira bi herrialdeak etengabe, eta Espainia eta Frantzia atzean geratu dira, haien surflariek dena eman badute ere.

Ariane Ochoa sartu da lehenengo uretan Pablo Solarrek gidatutako multzoan. Bizkaitarrak 4.00ko emaitza lortu du lehen olatuan eta 3.43koa bigarrenean. Ondoren Nadia Erostarberi pasa dio lekukoa, baina zarauztarra ez da beti bezain fin ibili olatuen aukeraketan, eta 2.60ko eta 0.83ko emaitzak pilatu ditu. Nadiaren ostean Aritz Aranbururen txanda heldu da. Surflari euskaldun ospetsuenak 5.13ko olatu bat zamalkatu du eta 6.37ko beste bat. Vicente Romerok hartu du txandaren azken txanpan erantzukizuna, gaur Miyazakiko itsasoaren baldintzak bere surfeatzeko estiloarentzat egokiagoak zirelako. Epaileek 4.63 eta 5.13ko emaitzekin puntuatu dituzte bere olatuak, baina ez da nahikoa izan.

Taldeak Aloha Cupeko finalerdia laugarren postuan bukatu du, Frantziaren, Estatu Batuen eta Australiaren atzetik. Australiarrek maila altuko surflariak izan dituzte, Sally Fitzgibbons eta Nikki Van Dijk esaterako, eta Estatu Batuetako taldean hamaika aldiz Munduko txapelduna izan den Kelly Slaterrek parte hartu du. Berak lortu du txandako notarik altuena: 8.20.

Aranburuk Erostarbek, Ochoak eta Vicentek ezin izan dute taldekako txapelketan titulua berretsi, Australiak irabazi baitu aurten Aloha Cup delakoa.

Bihar Aritz Aranburu uretara bueltatuko da banakako lehiaketako bigarren erronda jokatzeko.