
apirila
2019
Zilarra Clara Azurmendirentzat Victor Dutch International txapelketan
Clara Azurmendi txapeldunorde izan da Holandako Victor Dutch International badminton txapelketan, Line Christophersen danimarkarraren kontra 21-19 eta 21-14 galduta finalean.
Line Christophersen bi txandatan nagusitu zaio Clarari. Jokalari donostiarra zazpigarren serieburua zen Wateringenen. 26 minututan eta kontrako 21-19ko eta 21-14ko markagailuarekin amore eman behar izan du Clarak Line Christophersenekin izan duen lehen norgehiagokan.
Clara Azurmendik, Basque Teamek eta Euskal Federazioak martxan jarri duten bikaintasun proiektuko kirolariak, etorkizun oparoa du estatu mailan eta gaurko emaitzarekin 87. postuan jarriko da munduko zerrendan. Lesioagatik bederatzi hilabete pasa zituen txapelketatik at, baina orain bere mailarik onena berreskuratu du. Abuztuan Basilean (Suitza) jokatuko duten Munduko txapelketarako sailkapena lortzea izango da bere aurtengo helburu nagusia.