basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 28
martxoa
2019

“Uste dut datorren urtea oso ona izan daitekeela”

Denboraldi nahiko irregularra eduki duen arren, Basque Teameko Lucas Eguibar snowboardlariak laugarren bukatu du Munduko Kopako sailkapen nagusian eta Munduko txapelketan. Askoren esku ez dauden emaitzak dira hauek. Donostiarrarekin izan gara denboraldiaren balantzea egiteko. Asteburu honetan Sierra Nevadan jokatuko du Espainiako txapelketa.

“Baqueirako Munduko Kopan zapore garratza geratu zitzaidan asteburu osoan ondo ibili arren, azkenean erori egin nintzelako. Akatsa egin nuen, erori nintzen eta agur esan nion lasterketari. Dena den, azken Munduko Kopara, Suitzara, oso adi joan nintzen, egin behar nuen lana zein zen argi edukita, eta egia esan, bikain atera zitzaidan. Entrenamenduak ederto joan ziren eta lasterketa asko gozatu nuen; lehia biziko lasterketa izan zen”.

“Munduko Kopako sailkapen nagusian laugarren geratu naiz eta pozik nago emaitzarekin. Sailkapenean nuen tokia eta denboraldiaren hasiera aintzat hartuta, gustura nago emaitzarekin. Ez nuen espero hain aurrean egongo nintzenik. Lasterketa oso ona egin nuen Suitzan eta postu asko aurreratu nituen sailkapen nagusian”.

“Estatu Batuetan jokatutako Munduko txapelketarekin ere pozik nago. Lasterketa oso zaila zen, regular-entzako aproposagoa goofy-entzako baino, baina nahiz eta arazo batzuk izan, lasterketa ona egin nuen eta finalera iritsi nintzen. Gero finalean laugarren amaitu nuen, domina barik, baina tira…”

“Taldeari dagokionez, nire kabuz aritu izan naiz askotan taldea nahiko berria delako. Gustatzen ez zaizkidan gauza batzuk egon ziren, nirean arreta jartzea erabaki nuen, eta ondo lehiatu naiz. Skimanak lan ona egin du eta maila eman dugula iruditzen zait. Uste dut ondo irten dela”.

“Ea datorren urterako ze aldaketa datozen; oraindik Jokoetarako asko falta da. Aurten oso ongi ikusi dut nire burua eta uste dut datorren urtea oso ona izan daitekeela. Beraz, oraingoz, datorren urtean jarriko dut arreta eta Jokoen txanda ondoren etorriko da”.