basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 13
martxoa
2019

Basque Team Tokyo 2020ko doinuak dantzatzen ari da jada

Gaur aurkeztu dituzte hemendik aurrera Fundazioaren bekadunei lagunduko dien abestia, eta horren bideoklipa

BaloreetanBAT proiektuaren barruan, ume eta gazteei bereziki zuzendutako materiala ipuin eta komiki batekin osatu dute

Gaur goizean Basque Team Fundazioak hasiera eman dio Tokyo 2020ko Jokoen bideari EiTBko Multibox Aretoan, kirol-hitzordu handi horretara bideratuta dagoen abestia aurkeztuta. Maite Iturbe EiTBko zuzendaria, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea eta Fundazioak bekatutako kirolari asko bertan izan direla, abestia (“Basque Team kanta 2020”) eta laguntzen dion bideoklipa aurkezten dituzte “Kirolak erotzen gaitu” (“Locura por el deporte”) lelopean.

Aipatutako abestiaren letra hainbat aldiz saritutako Andoni Egaña bertsolariak egin du, Mikel Unzurrinzagak (DJ Makala) eta Juan Carlos Vidaurretak konposatu dute melodia eta Lidia Insausti abeslariak jarri dio ahotsa. Egaña, Unzurrunzaga eta Insausti bildu dira gaurko aurkezpenean, eta DJ Makalak eta Lidiak zuzenean eskaini dute abestia.

Letrak Basque Teamen izaera edo arima jasotzen du: helburu oso zorrotzak lortzeko bide luze horretan kirolariak bakarrik ez sentitzeko sostengua ematen die Fundazioak. Letran pasioari, euskal kulturari eta nazioarteko txapelketetan kirolariek eta gizarteak sentitu behar duten batasunari buruz hitz egiten da. Musika freskoa eta modernoa da, funky estilokoa, eta gogoraerraza den errepika dauka jarraitzaileak pizteko eta kirolariak animatzeko.

Abestiarekin batera, Iñigo Asensiok zuzendutako bideoklip bat ere aurkeztu da gaurko ekitaldian. Bideo horretan Basque Teameko kirolari askok parte hartu dute, Maialen Chourraut eta Iñigo Peña piraguistek, Aitor Francesena eta Leticia Canales surflariek, Barbara Pla, Amaia Erbina eta Uribarri Barrutieta errugbi jokalariek, Carlos Tobalina eta Trihas Gebre atletek, Rakel Mateo paratriatletak, Patxi Peula patinatzaileak, eta Alberto Iñurrategi, Eneko Llanos eta Richard Oribe enbaxadoreek, besteak beste. Umeez lagunduta azaltzen dira kirolariak, haurrak eta gazteak baitira ekimenaren helburu.

Haur eta gazteei arreta berezia, BaloreetanBAT proiektuaren barruan

Abestiak eta bideoklipak haur eta gazteak dituzte xede, Fundazioaren parte diren eliteko kirolariek dituzten baloreak igorri nahi baitzaizkie Fundaziotik.

Materiala biribiltzeko asmoz eta publiko honetan kirol-kultura sendoa bultzatzeko asmoz, Paul Caballero ilustratzaileak eta Iker de Arce Arechavala gidoilariak eginiko ipuin eta komiki bat ere aurkeztu dira. Ipuinak “Basque Team eta ekaitz mekanikoa” izenburua du, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta Maialen Chourraut eta Iñigo peña piraguistak, Lucas Eguibar snowboardlaria, Trihas Gebre atleta, Ane Santesteban txirrindularia eta Asier Garcia gurpil aulkiko sasakibaloi jokalaria ditu protagonista, beste kirolarien ordezkari gisa. Komikiak, izenburu berdina dauka eta 10 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie.

Hezkuntza da iaz Basque Team Fundazioak martxan jarritako Baloreetan BAT proiektuaren zutabeetako bat. Eliteko kirol ez profesionalak garapena lortu nahi duen gizarte batek behar dituen balioak ditu. Zentzu horretan Basque Teamek lehen mailako funtzio soziala betetzen du balio horien proiekzioaren bitartez. Bere ekintzak eta helburuak kirolaz haratago doaz.