
abendua
2018
Maider Unda Basque Teameko enbaxadoreak ‘Euskararen Nazioarteko Eguna’ Cervantes eskolako ikasleekin ospatu du
Ekimena #BaloreetanBAT proiektuaren barruan kokatzen da
Maider Unda borrokalari ohiak, Basque Teameko koordinatzailea den Olatz Legarzarekin batera, euskarari eskainitako jardunaldia aprobetxatu du goi mailako kirola Bilboko ikastetxe publikoko ikasleei gerturatzeko.
Maiderrek Cervantes eskolako bosgarren mailako umeekin izan duen solasaldiarekin hasi da goiza. Solasaldia Basque Team Fundazioaren “Baloreetan BAT” proiektuaren barruan kokatuta egon da. Ekimen honen bitartez goi mailako kirol ez profesionala hurbildu nahi da bai enpresaren mundura bai hezkuntza mailara, gaur gertatu den bezala.
Umeek ilusio handiz agurtu dute Maider Unda. Aurkezpenaren eta hitzaldiaren ondoren, haurrek galderak egiteko aukera izan dute 2016an Basque Teamek ekoiztutako ‘BAT To Rio’ saioak arabarrari eskainitako atala aintzat hartuta. Inguruaren, familiaren, zaletasunen, helburuen eta horiek lortzeko moduaren inguruan hausnartu dute.
Gero 2012an Londreseko Jokoetan Maiderrek erdietsitako brontzezko domina zuzenean ikusteko parada izan dute eta bukatzeko borroka olinpikoa arabarrarekin zuzenean praktikatu ahal izan dute. Ikasleek goiz ederra eduki dute, baita guk ere!