basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 30
urria
2018

Xabi Taberna goi mailako teknikariak maisu klasea eskaini die Mondragon Unibertsitateko ikasleei #BaloreetanBAT proiektuaren barruan

Hezkuntzarekin eta enpresa-munduarekin lotutako #BaloreetanBAT proiektuaren barruan ‘Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoa’ izena duen Masterreko ikasle eta irakasleek Basque Team Fundazioko eta Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroaren instalazioak bisitatu dituzte. Goi mailako kirolean ematen den lidergoarekin lotutako kontzeptuak mota guztietako erakunde, enpresa eta entitateetarako egokiak izan daitezkeela baieztatu dute.

Basque Teamen Olatz Legarzak, fundazioaren koordinatzaileak, eta piraguismoko teknikaria den Xabier Tabernak egin diete harrera.

Legarzak fundazioaren lana zertan datzan azaldu die, helburuak zeintzuk diren zehaztu eta goi mailako kirolariei nolako laguntzak ematen zaizkien argitu du.

Sarrera horren ondoren Basque Teamek bekatutako eta Espainiako Piraguismo Federazioan ere lan egiten duen Xabier Tabernak hartu du lekukoa. Estatu mailan hainbat urte daramatza Maialen Chourrauten entrenatzailea den Xabi Etxanizekin lanean. Taberna hiru diploma olinpiko dituen Ander Elosegiren, Irati Goikoetxearen eta Klara Olazabalen entrenatzailea da, besteak beste. Basque Teamekin lotura dauka 2005-2006 denboralditik.

Xabik adierazi du ur bizietako piraguismoan konpondu beharreko arazoak planteatzen direla. Ekintza bat burutu behar da une egokian, ehuneko ehunean une hori gertatuko den ala ez jakin barik; hori dela eta, frustrazioa egunero gertatzen da. Kasu horretan, entrenatzailearen paperak hartzen du garrantzia, frustrazio horiek kudeatu behar direnean.

Entrenatzailearen zeregina

Xabi Tabernak azaldu du, bere ustez, entrenatzaileak hobekuntza bilatzeko lan-testuingurua eratu behar duela, eta arlo tekniko eta fisiologikoa landu behar duela: entrenamendu saioak prestatu, kanalaren orduak, garraioa ziurtatu, uraren maila, gimnasioan eman beharreko orduak… Orokorrean entrenatzaileak testuinguru eroso batean pertsona autonomoak garatu behar dituela dio.

Tabernaren aburuz entrenatzaileak lan eremua ezagutu behar du, aurkariak ezagutu behar ditu, jakin behar du nola prestatzen diren lehiaketak… baina bereziki pertsonak ezagutu behar ditu, kirolari bakoitzak era ezberdinean hartzen dituelako aukerak, arrakastak eta porrotak. Kirolari bakoitzak bere kirol proiektuarekiko egin beharrekoa banan banan prestatu behar du.

“Gero eta zailagoa da mailari eustea piragüismo eslalomean punta-puntakoak diren herrialdeekin lehiatuta”. Aurten adibidez Xabi Tabernak urteko 135 egun etxetik kanpo pasatu ditu, eta datorren urtean, preolinpikoa izanda, egun gehiago emango ditu kanpoan.

“Garrantzitsua da non zauden eta nora heldu nahi duzun jakitea. Egiten den guztia helburu batzuk lortzeko egin behar da, ez kontrako norabideari begira. Lehen mailako eta bigarren mailako helburuak zeintzuk diren zehaztu behar da, baina beti kirolariengan edo pertsonengan pentsatuz” esan du Tabernak..

Teknikariaren arabera oreka perfektua egon behar da egin nahi denaren eta egin behar denaren artean. Entrenatzaile eta kirolariaren arteko harremana tentuz eraman behar da, negoziatu egin behar da baina sokatik gehiegi tiratu gabe. Afektibitate-loturarik ez dagoenean zailagoa izaten da, baina helburua zera da: konfiantza ez galtzea. Batzuetan kirolaria aldatu beharrean, sistema pertsonara aldatzea izaten da errazena.

Xabi Tabernak azpimarratu du egoak menderatu behar direla eta bai porrotak bai arrakastak kudeatu behar direla.