basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 03
ekaina
2018

Basque Teameko Maialen Chourraut palistak laugarren postuan bukatu du Pragako Europako txapelketa

Lasartearrak sentsazio onak eta denbora lehiakorrak berreskuratu ditu negu zaila izan ondoren

Maialen Chourrautek ezin izan du kontinente mailako beste domina bat lortu, 2015ean erdietsitako urrezkoarekin eta taldeka irabazitako bi zilarrekin batera gorde ahal izateko. Dena den, Pragako Europako txapelketa honetan sentsazio onak eta denbora lehiakorrak izan ditu berriro, eta horrek aurtengo Rioko Munduko txapelketarako, eta epe luzeago batera Tokioko Olinpiar Jokoetarako, animatzen du Maialen.

Chourrautek lehen hamarren artean bukatu ditu sailkapen txandak eta jaitsiera perfektua egin du finalerdietan, erabat kontrolatu duen jaitsiera, finalerako pasea ziurtatzeko. Bosgarren izan da finalerdietan, 107.56ko denbora eginda. Finalean jaitsiera azkarra egin nahi izan du, baina zazpigarren atean egindako talkak laugarren postuan utzi du, 103.36ko kronoarekin (+2.40). Podiumean sartu ez arren, olinpiar txapeldunaren sentsazioak onak dira. Gauzak apurka-apurka hobera doazela ikusi du, neguan hainbat prozesu biriko eta saihets-hezurretan lesioa jasan ondoren. “Onenekin borrokan ari naiz berriro, eta hori oso interesgarria da Tokiora begira” adierazi du finalaren ostean.

Bestalde, Maialen seigarren izan da patruiletan, Irati Goikoetxearekin eta Marta Martinezekin batera.

Brontzea Miren Lazkano eta Klara Olazabalentzat taldeka

Chourrautek lortutako emaitzez gain, C1ean Miren Lazkanok erdietsitako seigarren postua ere aipagarria da. Mirenek, Klara Olazabal eta Nuria Vilarrublarekin, brontzezko domina jantzi du taldekako proban, Britania Handia eta Frantziaren atzetik bukatuta. Klarak 25. postuan amaitu du banakako lehia.

Beste alde batetik, Samuel Hernanz eta Joan Crespo zortzigarren izan dira K1eko taldekako proban. Samuelek 17. postuan amaitu du banakako txapelketa eta Joanek 27.ean.

Irati Goikoetxea ez da oraingoan finalerdietarako sailkatu eta 41. izan da K1ean.