basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco
Albisteak 03
urtarrila
2018

‘BAT To PyeongChang’ 2018ko Neguko Jokoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien inguruko erreportaje saio berria

Basque Team Fundazioaren eskutik, Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztuta, astero eskainiko da ETB1en eta ETB2n

2018ko Pyeongchangeko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien esfortzua norainokoa izan den argi eta garbi erakutsiko du urtarrileko lehen asteburutik otsaileko bigarren asteburura Euskal Telebistak eskainiko duen erreportaje bildumak. ‘BAT To PyeongChang’ saioak ‘BAT To Rio’ saioaren lekukoa hartuko du horrela; udako hitzorduan parte hartu zuten euskal kirolari olinpikoak aurkezteko erabilitako formula berrartuz.

BASQUE TEAMek eta ETBk bultzatutako ekimen honek Felipe Montoya eta Iñigo Vidondo patinatzaileak, Juan del Campo eta Jon Santacana eskiatzaile alpinoak, Imanol Rojo iraupen eskiatzailea eta Lucas Eguibar snowboardlaria izango ditu protagonista. Erreportaje sorta honek ikusentzunezko istorio handien osagaiak ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko nahia erakutsiz. Programak pertsona berezi hauen profiletan jarriko du arreta ikuslearen inplikazioa bilatzeko asmoz, ikuslea borroka horretan kirolariaren bidelagun izan dadin.

‘BAT to PyeongChang’ astero emitituko da, larunbatetan 13:45etan ETB2n eta ‘Oreka’ programaren barruan igandero ETB1en. Saio bakoitzak 10 minutuko erreportajea izango du eta horrela, Jokoak asteko hilabete falta denean, Hego Koreako hirian lehiatzeko sailkapena eskuratzeko borrokatu diren euskal kirolarien istorioa ezagutzeko aukera izango dute ikusleek.

Lucas Eguibar snowboardlaria lehenengo saioan

‘BAT to PyeongChang’ saioaren lehenengo atala asteburu honetan (urtarrilak 6-7) eskainiko da eta jada sailkapena poltsikoan duen Lucas Eguibar snowboardlaria izango du protagonista. Eguibarrek kontatuko du nola bizi dituen bere bigarren Olinpiar Jokoak 2017an snowboardcrosseko Munduko azpitxapeldun izan ondoren, bai banakako lehian, bai taldekakoan. Donostiarra 2014ko Sotxiko Jokoetan aritu zen eta diploma bat eskuratu zuen. Oraingoan podiumera igotzea du helburu, 2017ko Munduko txapelketaren ostean zendu zen bere entrenatzaileari domina eskaini ahal izateko.

Korima Filmsek eta Akhonmediak ekoiztuta, Iñigo Asensiok zuzenduta eta Iñigo Erasok errealizatuta, programak irudi zoragarriak eskainiko ditu, ikusentzunezkoetan puntako teknologia erabili baitute. Asensiok eta Erasok eskarmentu handia dute telebistan, kirola eta bidaien inguruko gaiak maiz jorratu dituzte eta. Biak izan ziren ‘BAT to London’ eta ‘BAT To Rio’ saioen egileak.

Edizio honetan, telebista emankizunaz gain, sare sozialetan ere indarra emango zaio saioari. BASQUE TEAMek arreta berezia eskainiko die atalei bere hedabideetan (Twitter, Facebook, YouTube eta www.basqueteam.eus webgunean).