basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 30
abendua
2017

“Gorputzak eusten badit, hortxe egongo naiz, Pariseko 2024ko Jokoetan”

Aitor Francesena Basque Teameko kirolariak badu erronka berria, San Diegon jokatutako Munduko txapelketan brontzea eskuratu eta gero

2016an Munduko txapelketa irabazi ondoren, proiektuz beteriko urtea izan du Aitor Francesenak. Kirol helburuak zaintzeaz gain, zarauztarrak hitzaldiak eskaini ditu, blog bat sortu du, komikiak argitaratu ditu eta 2018an estreinatuko den bere bizitzaren inguruko dokumental bat egin diote. Hain zuzen ere, Nikaraguan grabatu zituen dokumentaletako sekuentzia batzuk, San Diegoko Munduko txapelketara joan aurretik.

“Argi dagoena da txapelketa irabaztea ez dela erraza. Iazko kirolari berdinek topo egin genuen finalean, frantziarra kenduta. Iaz finalean parte hartu zuen surflari frantsesa aurten ez da finalean aritu. Lehenengo txandetan oso ondo egin genituen gauzak eta maila altua eman nuen. Jendeak esaten zuen txapelketa irabaziko nuela baina irabazi egin behar da”.

“Batek baino gehiagok esan du puntuaketa oso bajuak eman zizkidatela, baina nik uste dut gauza asko batu direla. Aurreko errondak oso ondo eginda, arretaz begiratuko zidaten, eta finalean ez nituen olatuak ondo aukeratu. Azken olatu ona hartu arren, ez nuen nahi bezala surfeatu”.

“Hor egon naiz, munduko hiru onenen artean baina pena geratzen zaizu urte osoan zaudelako honetarako prestatzen, eta gauzak ez direnean irteten, penarekin geratzen zara. Hala ere, datorren urtean berriro prestatuko naiz gauzak ahalik eta ondoen egiteko”.

Munduko txapelketan lortutako brontzeak zapore gazi-gozoa utzi dio zarauztarrari. Dena den, badu beste erronka bat buruan: 2024ko Pariseko Paralinpiar Jokoak. International Surfing Association (ISA) delakoak eskaria egin dio jada Nazioarteko Paralinpiar Batzordeari surf egokitua egitarauan sartzeko.

“Oraindik denbora asko falta da baina gorputzak aguantatzen badit, 2024an Parisen izango dira Paralinpiar Jokoak eta horretarako prestatzen saiatuko naiz urtero urtero ahalik eta txapelketa gehien egiten. Gorputzak aguantatzen badu, hor egongo naiz”.