basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 03
abendua
2017

Aitor Francesenak brontzezko domina irabazi du surf egokituko Munduko txapelketan

Zarauztarrak distira egin du La Jollan (San Diego) jokatu duten txapelketan eta iaz bezala, aurten ere podiumean sartu da

Hondartza berean eta olatu berdinean orain dela urte bete Aitor Francesenak itsuentzako lehenengo munduko txapelketa irabazi zuen eta gaur berriz ere podiumera igo da. Basque Teameko kirolariak oraingoan ere lagun izan du Ibon Illarramendi ‘Koala’ zarauztarra, beti berarekin izaten duen gidaria. Berarekin sartzen da uretara baina Ibonek Aitor bideratu behar du ukitu barik.

Aitor Francesenak indartsu hasi zuen lehen erronda eta 14,67 punturekin, 8,87 eta 6ko bi olaturekin, aise nagusitu zen. Horren erakusle, txandako bigarren sailkatuak, Matteo Fanchini italiarrak, 1,70 puntu baino ez zituela lortu. Gipuzkoarra eroso sentitu zen, metro bateko altuera gainditu zuten olatuetan mugimendu garbiak eginez.

Bigarren errondan ere Francesenaren nagusitasuna nabarmena izan zen. 12,17 punturekin eta 9,00 eta 3,17ko bi olaturekin, arazo barik gainditu zituen Javier Scott txiletarra (3,44), Matteo Fanchini italiarra (3,03) eta Henry Martinez costarricarra (2,10).

Finalean borroka konplexuagoa izan da. Txandaren lehengo zatian Francesena nor baino nor aritu izan da Figue Diel brasildarrarekin baina honek lidertza hartu du 8 puntuko olatu bati esker. Sailkapenak aldaketak izan ditu etengabe baina emozioz beteriko azken txanpan Matthew Formston australiarrak 6,93ko olatu bat surfeatu du eta aurretik lortutako 7ko beste bati gehituta, 13,93 puntu pilatu ditu lehenengo postuan jartzeko. Zilarra brasildarrak eraman du 12,47 punturekin, brontzea Francesenak 10,17 punturekin eta laugarren postua Javier Scott txiletarrak 3,50 punturekin.