basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco
Albisteak 22
azaroa
2017

Fundación Basque Team Fundazioak, CONFEBASKek eta bere elkarte-kide diren ADEGIk, CEBEKek eta SEAk lankidetza hitzarmena sinatu dute goi mailako euskal kirolarien laneratzea bultzatzeko

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Eduardo Aretxaga eta Jose Miguel Ayerza Confebask eta ADEGIko zuzendari nagusiek eta Francisco Javier Azpiazu eta Juan Ugarte CEBEK eta SEAko idazkari nagusiek akordioa aurkeztu dute gaur Donostian, Ainhoa Murua triatletak eta Ander Elosegi piraguistak lagunduta

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK ETA SEAko ordezkariek gaur Donostian sinatutako hitzarmenak goi mailako euskal kirolarien laneratzea erraztea eta bultzatzea du helburu.

Ekainak 11ko 14/1998 Euskadiko Kirolaren Legean ezarritakoaren arabera, goi-mailako kirola interes publikotzat jotzen da; alde batetik, autonomia-erkidegoko kirol-garapenean funtsezko alderdia delako, oinarriko kirola sustatzeko pizgarria baita, eta bestetik estatu eta nazioarte mailako kirol-lehiaketa ofizialetan ordezkaritza ekartzen duelako.

Aipatutako legean Eusko Jaurlaritzak profesionalak ez diren kirolariei arreta berezia eskainiko diela azpimarratzen da, bai euren kirol prestaketari dagokionez, bai euren integrazio profesional eta soziala bermatzeko beharrezkoak diren neurriei dagokienez.

Helburu horrekin sinatu da gaurko hitzarmena Fundacion Basque Team Fundazioaren eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEAren artean; goi mailako kirolariei euren entrenamenduekin eta nazioarteko txapelketa ofizialekin bateragarriak diren lan baldintzak eskaini ahal izateko.

Bere estatutuetan azaltzen dena aintzat hartuta, Basque Team fundazioak goi mailako euskal kirolaren sustapena du helburu, eta zentzu horretan, euskal kirolarien laneratzea bultzatzen duten ekintza eta programak bere lehentasunak dira.

Bestalde, CONFEBASKek, ADEGIk, CEBEKek eta SEAk ekimen hau euren kide diren enpresen artean bultzatzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartu dute Erantzukizun Sozialeko politiken markoaren barruan, goi mailako kirolariek dituzten gaitasun eta ezaugarri bereziek aberastutako talentu profesionalak identifikatzeko aukeratzat hartuz.

Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du eta urtero berrituko da isilbidezko adostasunez.

“Patronalen eta Basque Team fundazioaren arteko lankidetza akordioak kirolariak dituen bizi-beharrizanak asetzeko dugun ardurari forma ematen dio. Azken finean, goi mailako kirolariek rol hori euren bizitzako sasoi batean hartzen dute, baina horren gainetik pertsona eta bere beharrizanak daude, eta esparru horretan ere Basque Teamek laguntza eskaini nahi die”, adierazi du Zupiriak.

Bikaintasuna eta talentua

Basque Teameko kirolariak ordezkatuz, sinaduran izan dira Ainhoa Murua triatleta eta Ander Elosegi piraguista. Triatleta zarauztarra lau Olinpiar Jokotan lehaitu da, oso kirolari gutxik erdietsi duten lorpena, eta diploma bat eskuratu zuen gainera 2012ko Londreseko Jokoetan lortutako zazpigarren postuagatik. Horrez gain, brontzezko domina bat irabazi zuen 2006ko errelebuen Munduko txapelketan, zilar bat 2012ko Europako txapelketan eta brontzezko beste bat 2015ean. Urrezko domina eskuratu zuen Guatapeko Munduko Kopan eta bost aldiz izan da Espainiako txapeldun distantzia olinpikoan. Dena den, bere kirol lorpenez gain, ikasketen esparruan egindakoa ere azpimarragarria da, IVEFen lizentziatua eta Heziketa Fisikoko Magisteritzan Diplomatua baita Ainhoa.

Ander Elosegik, bestalde, hiru Jokotan hartu du parte (Beijing 2008, Londres 2012 eta Rio de Janeiro 2016) eta hiru olinpiar diploma bereganatu ditu. Gainera 2016ko Europako txapelketan brontzea irabazi zuen. Irungo palistak kirol ibilbide oparoa du baina horrek ez dio galarazi goi mailako ikasketekin jarraitzea. Ander Ingeniaritza Informatikoa ikasten ari da.

Basque Teamek bekatutako kirolarietako bi dira, baina Fundazioaren barruan dauden eliteko beste hainbat kirolarirengan eredu hori errepikatzen da. Gizartera eraman daitezkeen ereduak dira, gizarteak hobetzeko, garatzeko eta aurrera egiteko adibide gisa har ditzan.

Dena den, goi mailako lehia laneratzearekin uztartzea ez da sarritan oso erraza izaten eta hori aldatu nahi da gaur aurkeztutako hitzarmenarekin. Goi mailako euskal kirolariek balore eta ezaugarri paregabe eta bereziak dituzte eta gizartea dinamizatzeko, Euskadi promozionatzeko eta ekonomian eta enpresen munduan laguntzeko gaitasun ikaragarria izan dezakete.