attentionTelefono zenbakia aldatu dugu: 94 403 28 70
basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco
Albisteak 26
urria
2017

Bingen Zupiria sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu dute genero-ikuspegia kirolean txertatzeak duen garrantzia

Eusko Jaurlaritzak ‘Euskadiko federazio-esparruan berdintasuna lantzen’ gida aurkeztu du Euskadiko Artxibo Historikoan antolaturiko jardunaldi hauetan.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera, ‘Kirol-erakundeak: genero-ikuspegian pentsatu eta onurak sortu’ jardunaldiei hasiera eman die, gaur goizean. Ekimen honen helburua da Euskadin kirolak bizi duen egoerari buruz genero-ikuspegitik hausnartzea. Hitzordua Euskadiko Artxibo Historikoan izan da, eta 2017ko Berdintasunerako Foroaren barruan antolatu da; bertan, kirolariek, klubek edo enpresa babesleek parte hartu dute. Eusko Jaurlaritzak, halaber, ‘Euskadiko federazio-esparruan berdintasuna lantzen’ gida aurkeztu du ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza izan da, Emakunderekin batera, jardunaldiak antolatzeko arduraduna, emakumeak eta genero-ikuspegia kudeaketa-eremu eta erabakiak hartzeko eremu guztietan presente izatea, “justizia kontua ez ezik, erakundeetan beretan ere eragin positiboa duen onura soziala ere badela azaltzeko”.
Bingen Zupiria sailburuak esan du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren helburu estrategikoetako bat dela kirol-eremuan berdintasun erreala sustatzea. “Eusko Jaurlaritzak irailean aurkeztutako ‘Jarduera Fisikoa eta Kirola 2017’ ikerlanak argi erakutsi zuen kirol-jarduerari dagokienez dagoen arrakala emakumezkoen eta gizonezkoen artean. Honen arabera, 13 puntuko aldea dago: gizonen %70ek eta emakumeen %57k egiten dute kirola. Era berean, 2016an Eusko Jaurlaritzak sustatutako beste ikerketa baten arabera, kirol-albisteen %10 baino gutxiagok erreparatzen diote emakumezkoen kirolari. Berdintasun eza kirolaren esparruan ez da hautemate bat, baizik eta ageriko errealitate bat. Instituzioetan gaudenoi dagokigu honi aurre egitea, aitzakiarik gabe”, azaldu du.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, bestalde, nabarmendu du “behar-beharrezkoa dela genero-politika jarduera fisikoaren eta kirolaren kudeaketa-politikan sartzea”. “Adin eta baldintza guztietako emakumeak eremu eta maila guztietan sartzeko, parte hartzeko eta ordezkatzeko erabateko berdintasuna bermatu behar da: kirolari izateko, baina baita kudeatzaile, zuzendari, entrenatzaile, teknikari, epaile eta abar izateko ere. Eta, horretarako, besteak beste, eskola- eta kirol-eremuan baterako hezkuntzako estrategien erabilera sustatu behar da, neska-mutilak edozein jarduera-motatan sartzeko, normaltasunez”, esan du.
Landaidak, halaber, nabarmendu du behar-beharrezkoa dela beste pauso bat ematea kirolaren benetako esanahia berreskuratzeko: “Ez da nahikoa bermatzea emakumeek kirola berdintasunean egin dezaketela. Gaur egun kirolaren munduan dauden balio batzuk birplanteatu behar dira, izan ere, ez dute batere zerikusirik kirolaren benetako balioekin, esaterako, errespetua, gainditzea, ahalegina…”.
Gaurko jardunaldi hauetan, genero-ikuspegi hori sartzeko apustua egin duten eta hura sartzeak ekarri dizkieten onurak ezagutu dituzten talde eta norbanakoen adibide praktiko batzuk ikusi dira. Zupiriak eta Landaidak aurkezpena egin ondoren, Silvia Muriel kontsultoreak jarraitu du, ‘Nola eskubide bat oraindik urrun dagoen… nahiz eta kirolean ere eragin positiboak izan’. Gero, hainbat kirol-eremutako pertsonek kirol-eremuan genero-ikuspegia sartzearekin lotutako esperientziak azaldu dituzte. Horrela, June Torrealdaik eta Elisabeth Tomásek, Gipuzkoako Surf Federaziokoek, ‘Emakumeak surflari’ programaren eragin positiboa azaldu dute; Raquel Lópezek eta Arantzazu Olazabalek Zarauzko emakume korrikalarien taldearen esperientziaren balioa nabarmendu dute; eta, azkenik, Xabier Arrietak Bizkerre Futbol Taldearen proiektua azaldu du.
Hitzaldien bigarren blokea eguerditik aurrera izan da; bertan, Rocio Ybarra Basque Teamek lagundutako hockey jokalaria izan da, baita Nosotras Deportistaseko Maravillas Aparicio eta Lacturaleko Juanma Garro ere, azken honek emakumezkoen babesen inguruan hizketan.
Azkenik, Dorleta Ugalde Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzako teknikariak Jaurlaritzak ‘Euskadiko federazio-esparruan berdintasuna lantzen’ gida aurkeztu du, berdintasuna kirol federatuan bultzatzeko tresna eraginkor berri bat.