basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
asier-amador-dominak
Albisteak 23
iraila
2016

Asier Garciak eta Amador Granadosek Rioko Paralinpiar Jokoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta BASQUE TEAMeko presidentea den Cristina Uriarte eta Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria den Jon Redondo eurekin izan dira gaur goizean Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan

Gurpildun aulkiko selekzioarekin zilarra lortu du Garciak Joko batzuetan izan duen bigarren parte-hartzean; Granadosek, berriz, brontzea eskuratu du pistako txirrindularitzako taldearekin bere hirugarren Paralinpiar Jokoetan

Asier Garciak eta Amador Granadosek, Rioko Jokoetan dominak lortu dituzten BASQUE TEAMeko paralinpiar kirolariek,  prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Bilboko Carlton Hotelean. Euren lorpenak goraipatzeko egindakoekitaldian Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua eta BASQUE TEAMeko presidentea, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Team fundazioko koordinatzailea izan dira eurekin. 

Garciak eta Granadosek lortutako dominekin BASQUE TEAMeko kirolariek aurreko Jokoetan, Londres 2012ko Jokoetan, erdietsitako domina kopurua berdindu da. Orduan bi domina lortu zituen Richard Oribe igerilariak –urre bat eta brontze bat-.

Asier Garcia (Bilbao, 1981) kapitaina izan da gurpildun aulkiko Espainiako selekzioan eta final handia jokatu du Estatu Batuen kontra (52-68). Amerikarren aurka taldeko zutabeetako bat izan da berriz ere 5 puntu, 10 errebote eta 16 asistentzia lortuta. Londreseko Paralinpiar Jokoetan ere aritu zen Asier eta orduan diploma eskuratu zuen, bosgarren postuan bukatuta. Selekzioarekin ere laugarren izan zen Munduko Txapelketa batzuetan eta bi aldiz hirugarren postuan amaitu du Europako Txapelketetan. Deustuko Unibertsitatean Informatikan lizentziatua da eta gaur egun Bidaideak Bilbao BSR taldean jokatzen du. 2014. urtean txapeldunordea izan zen Ohorezko Mailan eta iaz ligako tituluaren lauko finala jokatzeaz gain, Europako txapeldunordea izan zen.

Bestalde, Amador Granadosek (Andoain, 1967) brontzezko domina erdietsi du Eduardo Santas eta Alfonso Cabellorekin batera taldekako abiadura proban, bere hirugarren Paralinpiar Jokoetan. C1-C5 mailako pistako txirrindularitzako proba da eta horretan parte hartzen dute desgaitasun fisikoa edo garun-paralisia duten kirolariek. Gipuzkoarrak ez zuen Londres 2012ko Paralinpiar Jokoetan parte hartu, baina Beijing 2008koetan diploma lortu zuen pistako erlojuz-kontrakoan bosgarren amaituta, eta Atenas 2004koetan errepideko konbinatuan erdietsitako hamargarren postua izan zen bere emaitzarik onena. Granadosek, gainera, palmares bikaina dauka Munduko eta Europako Txapelketetan; horietan azpimarratzekoa da 2014ko Mexikoko Munduko Txapelketako taldekako abiadura proban irabazitako urrezko domina.

BASQUE TEAMeko kirolarien emaitzak 

Asier Garcia eta Amador Granadosekin batera, BASQUE TEAMek bekatutako beste bi kirolarik hartu dute parte Rio de Janeiroko paralinpiar Jokoetan: Rakel Mateo mungiarrak –diploma lortu du paratriatloian zortzigarren postuan amaituta- eta Iñigo Llopis igerilari donostiarrak – bi finaletan sartzeko oso gutxi falta izan zaio.