basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
asier-garcia-zilarra
Saskibaloia 17
iraila
2016

Asier Garciak zilarra jantzi du gurpildun aulkiko saskibaloi finalean, Rion

Basque Teameko jokalariaren taldeak zilarra eskuratu du finalean Estatu Batuetako selekzioaren kontra 52 eta 68 galdu eta gero.

Asier Garciak, David Mourizek, Daniel Stixek, eta Pablo eta Alejandro Zarzuelak osatu dute selekzioaren hasierako bostekoa. Bi taldeek defentsa sendoarekin ekin diote partidari, aurkariaren akatsak bilatu nahirik. Espainiak talde amerikar boteretsuaren erasoei eutsi die, eta uztaipean asmatu egin du. Dena den, estatubatuarrek gainetik bukatu dute lehen laurdena: 12-8.

Bigarren partzialean Joshua Turek sartu da jokoan eta Estatu Batuek aldea handitu dute, nahiz eta Asier Garciaren gidaritzak aurkarien defentsa hautsi duen eta taldekideek, hori aprobetxatuta, puntuak lortu dituzten hainbat lekutatik jaurtita. Aldea murriztu dute horrela baina ezin izan dute norgehiagoka berdindu. Sei puntuko abantailarekin heldu dira Estatu Batuak atsedenaldira: 23-29.

Atsedenerako tartearen ondoren, Espainiak aukerak izaten jarraitu du, hirugarren laurdenean bost puntu azpitik amaitu duten arren: 42-47. Partidari buelta ematea posiblea zen, baina azken partzialean hobera egin dute estatubatuarrek defentsan eta urduriago jarri da Asier Garciaren taldea. Horrek garaipena eta urrea eman dizkie Estatu Batuei.

Gurpildun aulkiko saskibaloiko estatuko selekzioak lehen aldiz jokatu du finala Paralinpiar Joko batzuetan. Asier Garciaren taldeak azken neurketa handia jokatu du multzoetako faseko bost partidetatik lau irabazi ostean, final laurdenetan Alemania azpiratu ondoren eta finalerdietan Britainia Handia menderatu eta gero.