basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 17
abuztua
2016

Maialen Chourraut etxean dago jadanik, Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi ondoren

Piraguista gipuzkoarrak 33 urte dituela eta Olinpiar Jokoetan egindako hirugarren parte-hartzean lortu du podiumaren goiko aldera igotzea, Londresen irabazi zuen brontzezko dominaren ondoren.

 

_ESQ4808

 

Maialen Chourraut piraguista etxean dago jadanik, ostegunean Rioko 2016ko Olinpiar Jokoetako K1 slalomeko urrezko domina irabazi ondoren, eta, lehen prentsaurrekoa eskaini du komunikabideen aurrean. Agerraldian, ondo-ondoan izan zituen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua eta BASQUE TEAMeko presidentea, Olatz Legarza fundazioko koordinatzailea eta Xabier Etxaniz entrenatzailea.

Hauxe da euskal kirolak banakako diziplina batean lortu duen lehenengo urrezko domina, José de Amezola pilotariak 1900ean irabazitakoaren ondoren. Euskal kirolariek lortutako gainerako urrezko dominak taldekako kirolei dagozkie: futbola (David Billabona eta Mikel Lasa, Bartzelonako 1992ko Jokoetan), belar-hockeya (Silvia Manrique, Teresa Motos, Maider Telleria eta Nagore Gabellanes, joko berberetan), taldekako gimnasia erritmikoa (Estibaliz Martínez, Lorena Guréndez eta Tania Lamarca, Atlantan 1996an) eta bela (Iker Martínez eta Xabi Fernández, Atenasen 2004an).

Lasarteko palistak, 33 urte dituela, saririk handiena lortu du mundu mailako kirol hitzordurik garrantzitsuenean, Olinpiar Jokoen aurreko bi edizioetan egindako jardun bikaina baztertu gabe: hamaseigarren postua lortu zuen Beijingeko 2008ko Jokoetan eta brontzezko domina Londresko 2012ko Olinpiadan. Bien bitartean, han-hemenka lortutako hainbat sari bildu ditu, hala nola, Bratislavan 2011n jokatutako Munduko Txapelketako brontzezko domina, La Seu d’Urgelleko 2009ko zilarra edota Alemaniako Marklebeerg herrian iaz eskuratu zuen Europako Txapela.

Maialen Chourraut (Lasarte-Oria, 1983) 12 urte zituela hasi zen piraguismoan Atletico San Sebastian klubean. 2000. urtean, debuteko jarduna egin zuen nazioarteko lehiaketan, Bratislavan jokatutako Junior kategoriako Munduko Txapelketan, eta hurrengo urtean, selekzio absolutuko kide bilakatu zen. Harez geroztik, erregulartasunez parte hartu du nazioarteko lehiaketetan, amatasunagatik 2013an egin zuen etenaldian izan ezik.

Rioko urrezko domina abuztuaren 11n eskuratu zuen, Deodoroko Whitewater Stadiumeko ur bizien kanalean jokatutako finalaurrekoetan eta finalean bi jaitsiera ikusgarri egin ondoren. Finalaurrekoan 101,83ko denboraz hirugarren postua lortu ondoren, Chourrautek denbora hori hobetu eta 98,65 egin zuen finalean, aurkari zituen Luuka Jones zeelandaberritarraren zilarrari (101,82ko denboraz) eta Jessica Fox australiarraren brontzeari (102,49ko denboraz) aurrea hartuz. Chourrauten garaipenak aparteko meritua izan du, sailkapen-probetan izandako arazoei erreparatuta: lehen jaitsieraren tarte batean egindako hutsegite baten kariaz, sailkapeneko azken postura egotzi zuten penalizazioa jaso zuen, baina bigarren jaitsieran egindako jardun bikainaz, egoerari buelta ematea lortu zuen.

 

  • Prentsaurrekoa ikusi nahi izanez gero, jarraitu ondorengo esteka.