basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Imagen267.jpg
Besteak 21
maiatza
2015

Aitor Oroza: “Beti bete-betean aritzen naizen horietako naiz, horregatik hartu dut erretiroa”

Inoizko euskal paralinpiar txirrindulari sarituenak goi mailako lehiaketa uztea erabaki du palmares bikaina pilatuta

Getxon, 2015eko maiatzaren 21a.- XX. mendean zortzimilakoak eskalatzen aitzindari izandako Albert Mummery alpinista britaniarrak idatzita utzi zuen moduan, “ezinezkoa ez da existitzen, non gogoa han zangoa” . Aitor Orozaren ibilbidea laburbilduko lukeen aipua izan daiteke, inoizko euskal txirrindulari paralinpiar sarituenak 38 urterekin eta kirol-lorpen aparta bilduta erretiroa hartzea erabakian duen egunean. 16 urte eman ditu Aitorrek goi-mailako lehiaketan. Fadurako BASQUE TEAM-en egoitzan esan dio agur lehiaketari, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaria den Jon Redondo alboan zeukala.

Zazpi aldiz Munduko txapeldun izandakoak azaldu duenez “pena haundia ematen dit, bizikleta nire bizitza izan da eta izaten jarraitzen du baina orain beste aro bat hasi beharrean nago hutsetik eta ez dakit hor kanpoan zer aurkituko dudan”. Lehiaketa uztearen arrazoiak aipatzerakoan Orozare n hitzetan “Medikuek maila jeistea gomendatu zidaten eta ni ez naizenez horietakoa erretiroa hartzen jakin behar dela pentsatu dut” . Ildo horretan bilbotarrak argi utzi nahi izan du, “ezin dut bizikleta paseatzeko erabili, nire itzalarekin ere lehiatzen naiz”.

Datorkion aro berriarako bere asmoak ere azaldu ditu, “nire egoera berean dagoen jendea laguntzea, beldurragatik kalera ateratzen ez dena edota kirola ezin duela egin pentsatzen duena”. Azpimarratu nahi izan duenez, “borrokatzen jakin beharra dago, jendea asko baitago kirol egokitua zer den ez dakiena, lehiaketarako egokitutako bizikleta bat jostailu bat dela pentsatzen duen jendea”.

“Kontatzeko tristeak diren gauzak ikusi ditut baina aitortu beharra daukat Euskadin kirol egokituak sekulako jauzia eman duela, onerako eta eskertuta nago hemen jaio izana. Era berean uste dut erreferentzia moduan gu baino hobeto daudenak hartu beharko genitu zkela, britaniarrak edo estatubatuarrak esaterako.

Ibilbidea

Garun-paralisi zorrotzak jota Aitorrek 18 urte zituela ekin zion kirola egiteari eta 1999an, 23 urterekin, txirrindularitzan sartu zen bete-betean egokitutako trizikloa eramanez (T1 olinpiar maila). Hiru urte soilik behar izan zituen Orozak maila gorenera iristeko, Alemaniako Altenstadt hirian jokatutako Munduko txapelketan zilarrezko bi domina eskuratu baitzituen, errepideko eta erjojupeko probatan.

Bere azken lorpenak ere nabarmenak izan diren arren- urrezko bi domina (errepidean eta erlojupekoan) Kanadako 2013ko Munduko txapelketan – BASQUE TEAM-eko kirolariak ibilbide arrakastatsua burutu du urte hauetan; bi aldiz hartu du parte Paralinpiar Jokoetan (Beijing 2008 eta Londres 2012an), zazpi Munduko txapelketa eta europar txapelketa batean, estatuko hainbat txapelketatan eta horrez gain Munduko Kopako probatan.

11 urteko ibilbide oparo honetan Aitorrek bederatzi domina bildu ditu Mundialetan, zazpi europar txapelketetan, eta olinpiar diploma Beijing 2008an. Espainiako txapelketetan 28 domina eskuratu ditu.