basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 23
martxoa
2015

Donostian ospatu du gaur Lucas Eguibarrek snowboardcroseko Munduko Kopako garaipena

Kristalezko globoarekin itzuli da etxera kirolari gipuzkoarra emozioz beteriko asteburua pasa eta gero

Donostia-2015eko martxoaren 23a.- Lucas Eguibarrek, Basque Teamen beka duen rider gipuzkoarrak, mugarri bat ezarri zuen larunbatean, neguko kirolen historian, La Molinako estazioan (Girona, Herrialde Katalanak) Snowboard Crosseko (SBX) Munduko Kopa irabazita. Hala, Nazioarteko Eski Federazioaren (FIS) Kristalezko Globoa lortu zuen snowboarder donostiarrak, Espainiako estatu osoko neguko kirolen historian aurrenekoz.

Lucas Eguibar, 21 urte eskas izan arren, faborito argia zen La Molinarako, aurreko asteburuan, martxoaren 14 eta 15ean, Veyssonazen (Suitza) garaipena eta bigarren postua lortu ondoren. Bera zen Munduko Kopako sailkapenaren buru, 1.800 punturekin; bigarrenak, Kevin Hill kanadarrak 600 gutxiago zituen eta hirugarrenak, Nikolai Olyuninek, 640 puntu gutxiago. Suitzakoak izan ziren Munduko Kopako lehen probak. Bigarrena eta azkenekoa La Molinan (Girona) jokatu zen martxoaren 21 eta 22an, eta gipuzkoarra hirugarren geratu zen sailkapeneko probetan eta bederatzigarren finalean. Hala, bietan lortutako puntuei esker, SBXeko Munduko Kopako zirkuituan txapeldun izan da Eguibar.

Adierazpenak

BASQUE TEAM-ek deituta hedabideen aurrean azaldu da gaur txapeldun donostiarra lehen aldiz nazioarte mailako bere estreineko lorpen handia eskuratu duenetik. Bere hurrengo helburuen gainean irmo azaldu da kirolari gaztea, “geroz eta gustorago ari naiz snowboardean eta emaitza hobeagoak lortuz, hurrengo denboraldiran bigarren kristalezko globoaren bila joango naiz. Olinpiar Jokoetarako hiru urte luze daude aurretik entrenatzeko eta etengabe ikasten segitzeko”

Bere progresioari buruz ere hitz egin du gipuzkoarrak, “orain urtebete denboraldi aurreko 12 entrenamendu egun egin genituen baina aurten askoz hobeto prestatu dugu denboraldia, eta noski, lan gehiago egiterakoan emaitza ere hobeagoak izaten dira” aipatu du. Lucas Eguibarrek azken astean izandako ezinegona azaldu du eta egutegiko azken hitzorduan izan dituen zailtasunak: “Zama kendu dut gainetik, azken astea nahiko estresagarria izan da. Irabazteko egin behar nuena buruan izan dut une oro eta egia esan gaizki egokitu ginen elurraren baldintzetara, oso motela zegoen pista eta hasieratik deseroso sentitu nintzen. Beharbada taularen aukeraketa ere ez zen egokiena izan”

2015 SBXeko Munduko Kopako sailkapen nagusia, gizonezkoetan
#1 EGUIBAR Lucas (ESP) 2090.00 FIS puntu
#2 PULLIN Alex (AUS) 1700.00 FIS puntu
#3 OLYUNIN Nikolay (ERRUS) 1560.00 FIS puntu
Datuak “FIS SNOWBOARD WORLD CUP 2015” La Molina

Lucas Eguibar (Donostia, 1994/02/09) oso txikitatik nabarmendu da snowboardean eta senior mailako lehen denboraldian bertan (2012-2013), Munduko Kopan debuta egin zuenean, emaitza bikainak lortu zituen (6. izan zen Sierra Nevadan eta 3. Arosan, Suitza). 2013an, junior mailako Munduko Txapeldun izan zen Erzurumen (Turkia). Iaz are ibilbide hobea osatu zuen Munduko Kopan, eta probetako batean 2. postua lortu zuen. Sochiko Neguko Olinpiar Jokoetan, berriz, 7. izan zen. Beste hainbat euskal eskiatzailerekin batera izan zen Egibar Sochin; Imanol Rojo, Paul De la Cuesta eta Jon Santacana kirolari paralinpiarrarekin, hain zuzen.

Snowboard Cross (SBX) modalitatea (Boardercross ere esaten zaio), elurretako taularen hiru modalitateetako bat da, halfpipe eta eslalonarekin batera. Hiruretan, taula gainean duten trebetasuna eta pista gainean duten gaitasuna uztartu behar dituzte riderrek. Cross-eko lehiaketan, hainbat partaide ateratzen dira batera (lau eta sei artean), eta aurrez zehaztutako ibilbide batetik jaisten dira, bidean hainbat zailtasun gaindituz: jauzi bikoitz eta hirukoitzak, peralteak, sestra-aldaketak eta 360º-rainoko biraketak, besteak beste, eta horien eraginez kontaktuak eta erorikoak sortzen dira. Proba ikusgarria da, abiadurako freestyle lasterketa bat; kontaktu fisikoa baimenduta dago, lehiakideei posizioa irabaztea, baina ez traba egitea, heltzea edo bultzatzea. Kirol olinpiarra da 2006an Turinen (Italia) jokatu ziren Neguko Jokoez geroztik.