basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 22
uztaila
2013

“Beste ahalegin bat egin nahi dugu”

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza liluratuta itzuli dira Paiju Peak-eko hegoaldeko aurpegiak erakutsi dien zailtasunekin eta suposatzen duen itzelezko erronkarekin

2013ko uztailaren 22a

“Gauzak ez dira nahi bezain ondo atera”. Alberto Iñurrategik autokritika eginez zabaldu du gaurko agerraldia. “Uztailaren 3an eta bizkar gainean ekipo guztia generamala, baita 14 egunerako jatekoa ere, Paiju Peakeko hegoaldeko paretan sartu ginen eskaltzeko asmoz, edo hobeton esanda bidea sabaltzeko asmoz, egunez-egun mendiaren baldintzek txarrera jotzen zuten arren; elur-jauziak eta pareta geroz eta zuriagoa, eta gainera, eguraldi iragarpenek ez ziguten esperantza askorik ematen. 6.610 metroko tontorrera iristeko helburua urruntzen hasi zen, eta paretaren gailurrera iristen jarri genituen indar guztiak. Baina paretatik igotzea ezinezkoa zen eta argi dago ez genuela estrategiarekin asmatu. Itzelezko proiektua suertatu da eta beharbada hain estilo arinean egiteak kalte egin digu, soka metro gehiago behar genituen azkarrago igo ahal izateko. Argazkia baino ez geneukan, igo gabeko terrenotik jotzea erabaki genuen eta ez zaigu ondo atera. Paretaren lehen zatia, beti ere buztita zegoen arren elurtegiek urtzen zuten elurragatik edota euriagatik, etengabeko elur-jauziekin hartu dugun arriskua…
Helburua, hala ere, oso polita da eta berriz ere saiatzea merezi du. Horretarako utzi dugu materialaren zati bat Skardun, datorren urtean itzuli nahi dugulako”

Albertoren hitzak berretsi ditu Mikel Zabalzak, “bidearen zati handi bat egina dugu jada. Pareta ikusgarria da eta ondo babestutako hormarekin. Eguneko bizpahiru elur-jauzi botatzen ditu paretaren eskuinaldean, mendiaren ihesbide naturaletik; egia esanda oso gertu izan ditugu. Ezkerraldean berri serak turrusta ikaragarria. Ingurua benetan da beldurgarria. Karakorumen sartuta dagoen “Capitan” bat izan liteke, Big Walleko eskalada artifiziala eskalada librearekin uztartuta eta horrez gain informazio eza eta bidea zabaldu beharra, guzti horrek zaildu du aurrera egitea”


“Baikorregiak izan gara beharbada”, dio Juan Vallejok, “eta pareta estilo arinegian igotzen saiatu gara. Soka metro gehiago azkarrago egiteko eta egunak irabazteko erabakigarria izan zitekeen, hori bai, ezezaguna den mendira joanda asmatu dezakezu baina baita pott egin. Itzelezko helburua da eta merezi du beste ahalegin bat egitea, horrekin geratzen naiz ni".

Paiju Peak-era espedizioa osatu duten hiru mendizaleak etxean dira jada, eta garrantzitsuena, onik. Basque Team taldeko hiru kideak, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza, hedabideen aurrean agertu dira gaur beraien esperientzia plazaratzeko: 6.610 metro tontorrera heltzeko saiakeri berri bat, etengabeko elur ekaitzek eta haize boladek zapuztuta, ezin izan dute eta egun gehiago pareta bertikaletik eskegita eman.

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak elkarrekin abian jarri duten seigarren proiektua izan da honako hau. Paiju Peak mendiaren hegoaldeko aurpegi esploratu gabean jarri zuen gogoa eta burua, 6.610 metroko harkaitzarra oinarritik 3.000 metrotik gorako desnibelarekin eta 1.000 metro pasatxo dituen pareta bertikala duena. Erronkak “kapsula estiloa” erabiltzera behartu ditu zituen ezaugarriak kontutan hartuta; hau da, horman gora egin ahala kanpalekuak paretan bertan zintzilikatzera.

Ekainaren 19an heldu ziren oinarrizko kanpalekura, 3.300 metrotan, eta hurrengo egunean atera ziren Paijuren oinarrira hurbiltzeko asmotan. Terrenoaren ezaugarriek eskalada burutzeko materiala eramatea zaildu zuten erabat. Inoiz igo gabeko bideak suposatzen duen zailtasuna jakinda berriz ere ekainaren 22an atera ziren kanpalekutik paretaren sarbidearen inguruan erabaki bat hartzeko intentzioarekin, altueran lo egin eta egokitzapenarekin jarraitu ahal izateko era berean.

Orduan jabetu ziren mendizaleak terrenoaren baldintzak ekar zezakeen arriskuaz, zenbait elur-jausi jasan behar izan zituzten eta. 29an errepikatu zuten aurretik egindakoa baina orduan itzulinguru bat emanez elur-jausiak saihestu zituzten eskalada materiala bertara eramanez.

Azkenik uztailaren 10ean utzi zuten kanpalekua erasoari ekiteko asmoz, falta zuten material eta bizigai guztiak bizkar gainean zituztela. Hurrengo egunean hasi zuten goranzko bidea eta hiru egunetan 500 bat metro igotzea lortu zuten. Igandetik aurrera, uztailaren 14an, Paiju Peakeko hegoaldeko aurpegia altxatu zuten dendatxoan sartuta, etengabeko elur ekaitzak eta haize bolada bortitzak azaldu ziren ia 48 orduz, pareta erabat zurituz eta tontorrerako bidea erabat baztertuz. Gauzak horrela, saiakera hasi eta zazpi egunera Basque Team-eko taldeak beherantza jotzea erabaki zuen, kontu haundiz terrenoaren arriskuak ikusita. 8 orduz rapelatzen bide korapilotsuetatik eta sekulako hotzarekin glaziarrera iritsi arte, hortik aurrera oinarrizko kanpalekura bidea beti ere elur-jausien arriskuarekin.

Etorkizunerako erronka bezala geratu da Paiju Peakeko hegoaldeko pareta. Hala ere, saiakera ez da hutsean geratu mendiak orain arte gorde dituen sekretu asko azaleratu baitituzte mendizaleek desafio erraldoi honetan ahalegin berri bat egin nahi duenarentzat.