basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 19
urria
2012

NATURGAS/BBK NUPTSE 2012 espedizioak ez du bigarren saiakerarik egingo

Aurrekoan tontorretik 160 metrora geratu ondoren bidearen zailtasunak alpetar eran ez die aukerarik emango beraien hitzetan

Ostirala, 2012ko urriaren 19a. Ezin izan dute burutu: Nuptseko saiakeraren ostean Kanpaleku Nagusira itzultzerakoan, NATURGAS/BBK NUPTSE 2012 espedizioko kideek ez dute arriskatu nahi izan. Kanpalekutik, telefono bitartez, beraiekin izan dugun lehendabiziko hartuemanean oso argia izan da Mikel Zabalza: ““Onik itzuli gara eta pozik gaude horrekin, bide hau ez da bizitzan askotan egin daitekeena, arriskua oso handia baita” .

7.700 metroetara heldu ziren, 7.861 ditu Nuptsek, orain dela 48 ordu eskas eta bertan ohartu ziren helburua ezinezkoa zela: argi ordu nahikoa ez, etengabeko haize indartsua, espero baino zailtasun tekniko gehiago eta pilatu duten neke físiko eta psikologikoa. Zuhurtziaz vivac 3-ra jeitsi ziren, 7.100 metrora, eta hortik atzo egun osoan zehar Kanpaleku Nagusiko babeseraino jeitsi ziren.

Gauak eta atsedenak jeitsieran zehar egindako gogoeta sendotu zuen: Juanek Basque Team-en egoitzara bidalitako textuan dioen bezala, “Ez da beti irabazten”.

Erabakia behin betikoa zela adostu dutenean telefonoz kontatu digu Mikel Zabalzak honako hau, “bidali ditugun irudiak dira benetako azalpena, egin dugun saiakeraren erakusgarriak dira”. Nafarrak gaineratu duenez “Bidearen zailtasunaz eta dotoreziaz gain, nik tankera honetako erronkarekin alpetar estiloak eskatzen duen konpromisoa nabarmenduko nuke, altuera honetan eta tamaina honetako zailtasun teknikoekin oso gogorra egiten da, fisikoki nahiz psikologikoki”.

Igoera hitz hauekin deskribatu du Zabalzak: “5.800 metrora arte ez dago aparteko zailtasunik, beti ere tentu handiz joanda, penditza nabarmena eta solte dauden blokeak aurki daitezkelako; hortik 6.500era hasten dira arazoak oso ertz zorrotzarekin, zorabiagarria, tarte mixtoekin, eskalada etengabea eskatzen dutenak, ez dago atsedenerako unerik; gero espero genuen tarte erosoago bat aurkitzea baina oso penditza gogorrak zituen, 7.000 metrora arte. Hortik gora arroka tarte bat 150 metroko desnibelarekin, hor ezarri genituen sokak eta gorago harritu egin gaitu penditzak, 45º eta 55º bitartekoak. Igo nahiko eroso egin dezakezu baina burutik ezin duzu kendu soka finkorik gabe jeisteak zein tamainako konpromisoa eskatuko duen”.

Mikel Zabalzak telefonoz esandakoaz gain Juan Vallejok hitz gutxitan laburbildu du esperientzia, “Ez da beti irabazten” titulupean:

Bai, egia da: datu gordinetara jo ezkero gure helburua A zen eta B-ra iristeko kapazak izan gara soilik. Hala ere, C,C,E,F,G…Zraino (Oinarrizko Kanpalekua) iritsi gintezkeen, eta ez dut hau esateagatik esaten.

Bide honek aurretik espero genuena baino askoz gehiago eskatu digu: ertz zorrotzak, tarte mixtoak, eta elurrezko penditza beldurgarriak. Guztia eman eta gero gailurrera iritsi ez izana ezin dugu ikusi, gure ustetan, porrota bezala, asmo handiko proiektu honetan gerta zitekeen egoera bat bezala ikusi nahi dugu.

Bi egunez jeitsiera oso gogorra egin ondoren eta lurra ikutzeko rapel eskas batzuen faltan Mikelen komentario batek baieztatu zidan nik aspaldi buruan neramana: “Buff, horrelako asko eginda ezin zahartzarora iritsi, eh?. Esaldi honek laburbiltzen du oso ondo ohiko eran eskalatzeak edota alpetar erara eskaltzeak, eskakizun eta konpromiso aldetik, dituen diferentziak.

Ez dut aitzaki honekin beste saiakerarik ez egitearen erabakia zuritu nahi, azaldu nahi dut era honetan egiteak eskatzen duen esfortzu físiko eta mentala askoz handiagoa dela beste edozein eratan egiteak baino, teknikoki bide gogorrenetan ere.

Nuptseko hegoaldeko bide britaniarra inoiz egin dudan biderik ederrenetarikoa da, eta aukera hori izatea ez dut erraz ahaztuko. Porrotek asko balio dute zenbaitetan, beste edozein garaipenen gainetik. Inork bide zoragarri hau azken 50 urteetan, lehen aldiz burutu zenetik, errepikatu ez izana ez da kasualitate hutsa.

Itzuleraren xehetasun guztien zain daude orain.