basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 16
ekaina
2011

Ekaitz Saiesek Europako piraguismo txapelketan parte hartuko du asteburu honetan Belgraden

Joan den abenduko lesio larria gainditu eta gero dominen lehian sartzea du helburu donostiarrak

2011ko ekainak 15.- Ekaitz Saiesek Belgradon jokatuko den Piraguismo Lehiaketan parte hartuko du asteburu honetan Espainiako selekzioaren barruan. Iazko abenduan izandako peroneko lesio larriaren ondoren, olinpiadetarako plazak esleitzeko Hungarian jokatuko den abuztuko munduko txapelketaren atariko proba honek goi mailako lehiaketara itzultzeko aukera eskainiko dio BAT Basque Team-en babespean diharduen Gipuzkoako palistari.

Ekaitz Saies Sistiaga (Donostia, 1982/3/2) zazpi urte zituela murgildu zen piraguismoaren munduan, eta 16 urterekin Espainiako lehenengo hiru txapelketak irabazi zituen kadete kategorian. Azken 13 urteotan, banakako zein taldekako kategorietan lehiatu da, eta hogeita hamar garaipen inguru lortu ditu Estatu mailan eta 10 domina nazioarteko lehiaketetan. Hauexen artekoa dugu Dartmouth-en (Kanada) 2009an irabazitako urrezko domina, orain arte lortu duen garaipenik handiena. Horrez gain, brontzezko domina irabazi duen 2008ko Munduko Txapelketan, eta 2009an hirugarren postua lortu zuen Mediterranioko Jokoetan eta Europako Txapelketan.

Donostiarrak K1 modalitateko (banakakoa) 200 eta 500 metroko norgehiagoketan parte hartuko du asteburu honetan, baina lehenegoari emango dio lehentasuna, olinpiar modalitatea izango baita estreinako aldiz Londreseko 2012ko Jokoetan. Ekaitzek sailkatzeko probetan parte hartuko du ostiralean (500m) eta larunbatean (200m), eta batean zein bestean, igandean jokatuko diren finaletara igarotzen ahaleginduko da. Nolanahi ere, Serbiako hiriburuan antolatutako Txapelketa hau Szeged-eko (Hungaria) Munduko Txapelketarako atariko proba izango da. Azken honetan, dominak ez ezik, Londreseko 2012ko Jokoetarako plaza eskuragarri gehienak banatuko dira (lehenengo zortziei beste horrenbeste plaza esleituko zaizkie eskuragarri dauden 14 olinpiar plazen artean, europarrek kirol honetan duten nagusitasunaren harira).

Iazko abenduan peroneko haustura larria izan eta denboraldiaren zatirik handiena lesio hori sendatzeko erabili duen arren, Ekaitz sasoi onean eta itxaropenez beteta abiatuko da Belgrado aldera. Gogoan izan, Europako Txapelketa honetarako jokatu diren bi hautaketa-probetan, gipuzkoarra garaile atera dela batean eta bestean. Esanak esan, Olinpiar Jokoak dira Ekaitzen helburu nagusia, munduko kirol lehiaketarik garrantzitsuena den heinean, baina horretarako, gure ordezkariak desafio berri bat gainditu beharko du, izan ere, COIk eta Nazioarteko Piraguismo Federazioak hartutako erabakiaren haritik, 500 metroko distantziak –Ekaitzen espezialitatea– olinpiar modalitatea izateari utzi baitio 200 metroko modalitatearen mesedetan. Horrela, ikusgarritasun handiagoa lortu nahi da, bederatzi finalistek dominak segundo milarenetan jokatzeko moduko proba laburrago baten bitartez.

Adierazpenak
Belgradora abiatu aurretik azaldu duenez, Ekaitz Saiesek sentsazio onekin aurre egingo dio Europako Txapelketari: “Lan gogorreko hilabeteak izan dira, baina oso ondo sendatu naiz abenduan izandako lesiotik, eta lehiari ekiteko irrikitan nago”. Edozein modutan, denboraldiko erronkarik handiena abuztuan izango duela ziurtatu du: “Hilabete pare bat geratzen da abuztuan jokatuko den Munduko Txapelketarako, baina Europako Txapelketa hau nahiko adierazle erabakigarria izango da”.

Olinpiar kategoriako distantzia berriari dagokionez, Donostiako palariak zera esan du: “COIk 500 metroko distantzia baztertzea erabaki zuenez, 200 metroen alde apustu egiteko erabakia hartu behar izan nuen nahita nahiez, eta iazko esperimentazio-aldian gauzak behar bezala atera ez ziren arren, badirudi aurten bide onean gabiltzala, parte hartutako lehiaketa guztietan lehen postua lortu baitut”.