basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Imagen105.jpg
Besteak 14
urtarrila
2011

Europako olaturik erraldoiena surfeatzeko proiektua aurkeztu du Axi Muniainek BAT eta Naturgasekin

Erronkaren inguruko xehetasunak eman ditu gaur Bilbon egindako prentsa agerraldian

Bilbo, 2011ko urtarrilak 14.- Asier Muniain, olatu handiko surfean dagoen euskal espezialistarik handienetakoa, helburu hirukoitza betetzen ahaleginduko da urte berriko lehen hiruhileko honetan: Europan dagoen neguko olaturik handiena surfeatzea, abentura hau kalitate handiko irudietan erregistratzea, eta Kalifornian, urterik urte, olatuen kirol modalitate honetako espezialisten artean banatzen diren XXL Big Wave Awards sarietara aurkeztea. BAT Basque Team eta Naturgas Energiaren babesa izango du horretarako.

Asier Muniain Egañak (Zarautz, 1982/1/2) Kantauri Itsasoko olaturik handieteko batzuk surfeatzeari ekin zion duela zenbait urte, neguz negu, modalitate honetako bi diziplinetan: arraunean, –besoak erabiliz soilik uretan aurrera egiteko– eta Tow-in delakoan –ur motoen laguntzaz–. Gipuzkoarra da, alde handiz, kirol mota honetako sari nagusitzat jotzen diren XXL Big Wave Awards delakoetan izendapen gehien bildu duen surflari europarra –zortzi gaurdaino–. Asier bi kategoria desberdinetako finalista izan zen urte berean, eta Monster Paddle delakoan –kategoria guztietako proba gorena, arraunean egiten dena–, finalera iritsi den lehendabiziko surflari europarra izan da.

Gogoan izan euskal surflari honek Europako hondartzen jardun duela betidanik, eta bere arerio gehienek Hamai edo Kaliforniako hondartzetan. Gaurkoz, Amerika, Hegoafrika, Australia edo Ozeano Bareko hondartzetan aurki daitezke surfean erabiltzeko moduko olaturik handienak. Kontinente Zaharrean, urri samarrak dira baldintza egokiak eskaintzen dituzten eremuak, baina bederatzi eremu egokienetatik lau euskal kostaldean kokatuta daude: Agiti eta Planeria (Playa Gris) Gipuzkoan, eta Avalanche eta Belharra Iparraldean. Gainontzekoak Irlandan, Kantabrian, Galizian, Madeiran eta Portugalen daude.

Naturgas Big Wave 2011 izenaz bataiatu da Asier Muniainen proiektua (O’Neill, Dragon, Creatures of Leisure, Pukas, Redymar, Shark Biscuit eta Asergroupo), eta urtarriletik martxora bitartean gauzatuko da. Eguraldiari buruzko iragarpenek dituzten mugapenen eraginez, kasu honetan ezinezkoa da aurreikustea noiz eta non emango diren baldintza egokiak helburua bete ahal izateko. Bidaiak aurretiaz antolatzea ezinezkoa denez, berehala mugitzeko moduko ekipamendu ibiltaria erabili behar da. Ildo horretan, Asier, sei pertsonarentzako ekipamenduaz hornituta dagoen etxebizitza-kamioi batez baliatuko da beharrezko baliabide eta tresna guztiak garraiatu ahal izateko: ohol bereziak, ur motoak, quad bat, neoprenozko ekipamendu bereziak, irrati-komunikazioak, etab. Abentura honen nondik norakoak Interneten esekita egongo dira une oro, http://twitter.com/NATURGASBigWave <http://twitter.com/NATURGASBigWave> delako twitter-ean, BAT Basque Team-en webgunean (http://www.basqueteam.com <http://www.basqueteam.com/> ) eta Youtube-ko kanal berezian http://www.youtube.com/user/HORNBEIN <http://www.youtube.com/user/HORNBEIN> .

Muturreko kiroletarako beka

Europan dagoen neguko olaturik handiena surfeatzeko ahalegin hau Basque Team Desafioa delako ekimenaren barruan sartu da estreinako aldiz. Araututako lehiaketa ofizialik ez duten muturreko kirol espezialitateetako banakako erronkak diruz laguntzea da Euskadi Kirola Fundazioak eratutako ekimen honen helburua.

Goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da BAT Basque Team-en xedea, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza —Kultura Sailaren bitartez— eta Euskal Irrati-Telebistaren (EITB) babespean gauzatu da. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial. BAT Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea. Ildo horretan, BAT Basque Team marka Euskadiko eliteko kirolaren erreferentzia nagusia izatea lortu nahi da, kirol mota olinpikoak, ez olinpikoak eta egokituak barne hartuta.