basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Imagen93.jpg
Besteak 02
azaroa
2010

Aukera urriak ditu Patxi Usobiagak Munduko Kopa irabazteko Huaijin (Txina) jokatutakoaren ostean

Hirugarren postuan da orain eibartarra Ramon Julian liderrarekiko 58 puntura

Titulua lortzeko azken aukera izan zitekeen Patxi Usobiagarentzat Txinako hitzordua. Arazoak izan zituen BATeko eskalatzaileak lehiaketa aurreko egunetan, lepo aldean zuen minak ez zion behar bezala entrenatzen utzi eta horrek lehiaketan izan zuen eragina. Une erabakiorretan erakutsi ohi du Usobiagak bere mailarik onena baina oraingoan ez zen gai izan lehen zortzi sailkatuen artean sartzeko eta hortaz finaletik at geratu zen. Arerioekiko zuen aldea murrizteko azken abagunea zen Huaijikoa. Bien bitartean Ramon Julian eta Adam Ondra, eibartarren aurkari nagusiek, finalerako txartela lortu zuten. Azken txanpan dena dela ezusteak izan ziren nagusi eta ez ohiko podiuma horrela geratu zen: Jacob Schubert austriarrak lortu zuen txapelketa, bigarrena Manuel Roman frantziarra izan zen eta hirugarren sailkatua berriz Thomas Tauporn alemaniarra.

Horrenbestez Julianek argiago agintzen du orain sailkapen nagusian, 369 punturekin, ondoren Adam Ondra txekiarrak 347 puntu ditu eta Patxik berriz 311. Kataluniarrak poltsikoan dauka bere lehendabiziko Munduko Kopa ezuste handirik ez badago Kranj-eko (Eslovenia) hitzorduan. Bi aste barru erabakiko da guztia, azaroaren 14ean, Munduko Kopako azken proban.