basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 28
iraila
2010

Eneko Llanosek podiumerako faborito bihurtzen duen palmaresarekin abiatuko da Hawai-ko Ironman-era

3,8 kilometro igeriketan, 180 bizikleta gainean eta bukatzeko maratoia dira bete beharreko lana

Eneko Llanos triatleta arabarrak bosgarren aldiz parte hartuko du Hawai-ko Ironman-ean —kirol modalitate honen nazioarteko probarik gogorrena eta ezagunena—, podiumera igotzeko faborito bihurtzen duen palmares bikaina aldean daramala: aurtengo denboraldian jokatu dituen zortzi probetan, bost aldiz lortu du garaipena, behin bigarren postua eta bi aldiz hirugarren postua. 2008an egindako bigarren postua izan da orain arte Hawain lortu duen emaitzarik onena.

Ozeano Bareko uharteetara abiatzeko zorian delarik, Llanos hedabideen aurrean azaldu da Iñigo Mujika entrenatzailearekin batera, BAT Basque Team Fundazioak antolatutako ekitaldi batez. Eliteko euskal kirolariei laguntzeaz arduratzen den BAT Basque Team Fundazioak Enekoren jarduna babestu du azken urteotan.

2010eko ibilbidea

Joan den larunbatean, gasteiztarrak jokatutako azken norgehiagokan, Eneko Mallorcako Ican Triatloiko garaile bihurtu zen. Zirkuitua osatzeko, 3 ordu 59 minutu eta 6 segundo behar izan zituen, eta lasterketa osoan erritmo bizi eta jarraitua mantendu zuen. Igeriketan ondo hasi zen, seigarren postua lortuz 27’43’’ko denborarekin. Bizikletan posizioetan aurrera egiten hasi zen laugarren amaitu arte, 2h13’18’’ko denboraz. Eta lasterketan, are aurrerago egin zuen, irabazlearen txapela lortu arte.

Denboraldi ofiziala urtarrilean hasi zen Eneko Llanosentzat, Anso herrian jokatu zuen Triatloi Zuriaren Espainiako Txapelketarekin. Bigarren postua lortu zuen. Martxoan, lehenengo txapela irabazi zuen Abu Dhabiko Triatloiaren lehen edizioan, eta handik aurrera, erabateko garaipenak lortu ditu Lanzaroteko Ironman-ean maiatzean, Zarauzko TriGranPrix delakoan ekainean eta hil beraren 26an Gasteizen jokatutako Distantzia Luzeko Europako Txapelketan. Maiatzaren 1ean, Kalifornian, hirugarren postua lortu zuen Avia Wildflower Triatloian, eta posizio berberean amaitu zuen uztailean Alemaniako Challenge Roth delakoa.

Urriaren 9an, Hawaiko Uharte Handiko mendebaldeko kostaldean kokatuta dagoen Kona hirixkan, triatloi-probarik gogorrena, ezagunena eta aspaldikoena jokatuko da: 3,8 kilometro igeriketan, 180m bizikletan eta maratoi oso bat (452.195 metro). Mundu osoko eliteko kirolariek garaipena lortzeko asmotan parte hartu ohi dute 1979an 15 partaide bildu eta iaz 1.777 atleta erakarri zituen —horietatik ia %93 helmugara heldu ziren— proba honetan.

Eneko Llanosek lau aldiz parte hartu du Hawaiko Ironman-ean 2006 urteaz geroztik. Debuta egin zuen urtean, meritu handiko 5. postua lortu zuen, hurrengo urtean 7.a eta 2008an orain arteko onena, 2. postua, azken bi edizioak irabazi dituen Craig Alexander australiarraren atzean. Iaz, Eneko hamalaugarrena izan zen proba honetan, lasterketan pairatu zituen urdaileko arazoak medio. Eliteko postuetatik hain urrun geratu izanak prestakuntza-egutegia goitik behera aldatzera behartu du. Ondorioz, ohi baino prestakuntza zorrotzagoa egin du, eta horri esker, Hawaiko desafiora daraman palmares bikaina lortu du.

Arerioak

Oraingo honetan arerio izango dituen kirolariei dagokienez, Alexanderrekin batera, Chris Lieto estatubatuarra ere aipatu behar da, bigarren postua lortu baitzuen iaz Hawain. Horrez gain, garaipena lortu du Japonia (2006), Kanada (2005) eta Wisconsingo (2202) Ironman-etan. Esanak esan, gogoan izan behar da, guztira, 1.800 kirolarik parte hartuko dutela, kirol modalitate gogor eta zail honetako nazioarteko elitea barne, eta ondorioz, maila handiko arerio ugariri aurre egin beharko die.

Eneko Llanos Burguera Gasteizen jaio zen 1976ko azaroaren 30ean. Bere anaia Hektorri esker, triatloiarekin bat egin zuen lehendabiziko aldiz. Anaia 1991 urtea aldera hasi zen triatloia praktikatzen, eta zenbait probatan ikustera eta animatzera joan ondoren, Enekok duatloi batean parte hartu zuen estreinako aldiz 1992 urtearen amaieran. Hurrengo urtean, duatloiaren eta triatloiaren euskal zirkuituan parte hartu zuen. Lehenengo emaitza garrantzitsuak 1995ean lortu zituen (Junior kategoriaren Estatuko Txapelketa, Munduko Kopako norgehiagoka batzuk), eta harrez geroztik, profesional gisa murgildu zen kirol jardunean. Sydneyko 2010eko JJOOetarako sailkatzea izan zen bere helburu nagusia, baina ez zen oso gustura gelditu Sydneyn lortu zuen 23. postuarekin. 2003a oso urte ona izan zen Enekorentzat, Ibizan jokatutako distantzia luzeko Munduko Txapelketan, kategoria olinpikoko Espainiako Txapelketan eta Xterra modalitateko Munduko Txapelketan lortutako gaipenei esker. 2004an, Europako txapeldunorde bihurtu zen, baina 20. postua besterik ez zuen lortu Atenaseko olinpiadan. Horrek benetako etena ekarri zion ordurarteko ibilbidean, aurrerantzean Iroman-ean buru-belarri murgildu baitzen. Hawain jokatutako probez gain, Enekok garaipena lortu zuen Lanzaroteko 2007ko Ironman-ean eta Frankfurten jokatutako 2008ko Europako Txapelketan.